Asier AIESTARAN

Caleb Ewan australiarrak irabazi du Tourreko azken etapa

Australiarrak bere hirugarren garaipena lortu du, esprinterrik onena izan dela argi utziz, eta Egan Bernalen benetako ospakizuna hasi da Parisen. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Ewan, bere garaipena ospatzen (Anne Christine POUJOULAT / AFP)
Ewan, bere garaipena ospatzen (Anne Christine POUJOULAT / AFP)

Caleb Ewan (Lotto Soudal) izan da Tourreko azken etaparen irabazlea, 128 kilometro Rambouillet eta Paris-Champs Elysees artean. Australiarraren hirugarren etapa garaipena izan da aurtengo Tourrean, Dylan Groenewegeni (Jumbo Visma) aurre hartuta.

Hala ere, datozen orduetako protagonistak podiumera igoko diren gizonak izango dira. Egan Bernal garailea, Geraint Thomas bigarren sailkatua eta Steven Kruijswijk hirugarrena.

Baita Peter Sagan, zazpigarren aldiz puntuen sailkapena irabazi duen eslovakiarra; Romain Bardet, mendiko maillotaren jabea; eta Movistar, taldekako sailkapeneko onena (gazteen sailkapena ere Bernal berak eramango du).

Eta Julian Alaphilippe, antolatzaileek gizonik saiatuenaren saria eman diotelako, egin duen Tourrari omenaldia egin nahian edo.

Ohiko azken jardunaldia

Ohikoa denez, tropelak oso lasai egin ditu ibilbideko lehen 50-60 kilometroak, eta behin Paris erdialdeko zirkuituan sartutakoan erritmoa bizitzen joan da.

Azken 50 kilometroetara inguratutakoan iritsi dira lehen ihesaldi saiakerak. Eta aurrenekoan Omar Fraile (Astana) bizkaitarra sartu da Politt (Katusha), Tratnik (Bahrain) eta Scullyrekin (EF) batera.

Kilometro dezente egin dituzte aurrean, 20 bat segundoko aldearekin, baina tropelean Deceunick eta Lotto Soudal lanean jarri dira tartea murrizteko, eta 15 kilometroren faltan harrapatu dituzte.

Tartean Geraint Thomasek ere izan du ezusteko txiki bat, gurpila zulatu eta taldekide pare batekin ipurdia estutu behar izan baitu tropelean sartzeko.

Baita Sonny Colbrellik (Bahrain) ere 12 kilometroren faltan, eta Michael Matthews australiarrak (Sunweb) aldagailua apurtu du jada azken hamarretan sartuta.

Deceuninck izan da azken metroak prestatu dituen taldea, baina Elia Viviani ez da ongi kokatu eta azken unean Caleb Ewan eta Dylan Groenewegen izan dira lehen bi postuak eskuratu dituztenak.