Naiz
Kinshasa

Ruandak muga itxi du ebola izurritea kanpoan utzi nahian

Kongoko Errepublika Demokratikoko muga ixtea erabaki du Ruandako Gobernuak, bi milioi biztanle dituen Goma hirian ebola kasu gehiago izan direla-eta. Gaur bertan baieztatu dute muga ondoko Kongoko hiri horretan gaixotasun berak jotako hirugarren kasua.

Osasun langileak bi herrialdeen arteko mugan. (Pamela TULIZO / AFP)
Osasun langileak bi herrialdeen arteko mugan. (Pamela TULIZO / AFP)

Kasu horri buruzko datu askorik ez dute eskaini, baina Kigaliko agintarien iragarpena egun berezi batean iritsi da: urte bat bete da ebola agerraldia Kongoko Errepublika Demokratikoko agintariek ofizialki deklaratu zutenetik. Gaur egun, kontinente baten azalera duen herrialdeko ipar-ekialdean izurriteak aurrera egiten jarraitzen du.

Gainera, Goman bertan eta inguruko herrietan beste hamabi kasu aztertzen ari dira, baina oraindik baieztatu gabe dituzte, Kinshasako agintariek uztailaren 30ean eman zituzten datuen arabera.

Kongoko zein inguruko herrialdeetako agintariak zein herritarrak oso kezkatuta dauzkan izurritea herrialdeak jasaten duen hamargarrena da. Medikuek eta osasun langileek 2.701 kasu baieztatu dituzte, eta horietako 1.813 lagun hil egin dira.

Datu horiek kontuan hartuta, egungo izurritea mundu osoan izan diren larrienetakoa da. Orain bost urte Afrikako mendebaldeko herrialdeek izan zutena askoz ere larriagoa izan zen: 11.000tik gora hildako.