NAIZ

Uztailean Bilboko airearen kalitate txarraz galdetu dio EH Bilduk Udalari

Uztailan zehar, zortzi egunetan behintzat Bilboko airearen kalitatea «txarra» izan zela argi uzten dute Arraiz mendian bildutako datuek. Horretaz galdetu dio EH Bildu Juan Maria Aburto buru duen Udalari.

Zortzi egunetan behintzat, airearen kalitatea txarra izan da uztailean Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Zortzi egunetan behintzat, airearen kalitatea txarra izan da uztailean Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bilboko airearen kalitatea, uztailean zehar, «txarra» izan dela egiaztatu du EH Bilduk, eta horregatik kezka azaldu ez ezik azalpenak eskatu dizkio Udalari. Alfonso Gil-en agerraldia planteatu du, berau baita Mugikortasun eta Jasangarritasun sailaren zinegotzi arduraduna.

Ohar batean azaldu duenez, Arraiz mendian Gasteizko Jaurlaritzak airearen kalitatea neurtzen duen estazioaren datuetan oinarritzen da bere salaketa. «Uztailaren 2, 4, 10, 11, 12, 13, 15 eta 16an» datu kezkagarriak bildu ziren bertan, «PM partikulen baloreak oso altuak izan ziren eta».

EH Bilduren hitzetan, airearen kalitatea txarra denean «zentzuzkoa» da inguruan bizi diren herritarrei «abisua eman eta jarraibide batzuk jartzea, edo, behintzat, egoera horretan zergatik gauden azaltzea. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, PM partikulak osasunarentzat kaltegarriak direla eta horien baloreak oso altuak izan direla kontutan hartuta», erantsi du.

Gertatutakoa ikusita, «ezin gara besoak gurutzaturik» gelditu, esan du EH Bilduk. Bi ekimen abiatu ditu: batetik, Urkulluren Gobernuari galdera batzuk luzatzea, egoera honen inguruan; eta bestetik, Bilboko Udaletxean Alfonso Gil zinegotzi arduradunaren agerraldia eskatzea, «bilbotorron osasunak kezkatzen gaituelako eta Arraizeko estazioak momentu batzuetan normalak ez diren kontaminazio mugak adierazi dituelako».