ACB Ligak atera du hilabete eta erdi barru hasiko den denboraldiaren egutegia. Aurreneko jardunaldia xelebre xamarra izango da, irailaren 24an, asteartez, hasiko baita eta hilaren 27, ostiraleraino luzatuko baita. Teloia jasotze aldera, Fuenlabrada eta San Pablo Burgosek ekingo diote ACB Ligako 2019/2020 denboraldiari; irailaren 24an, 20.30etatik aurrera jokatuko dute, Madrilen, aurreneko neurketa.
Euskal taldeei dagokienez, RETAbet Bilbao Basketek Txus Vidorretak zuzentzen duen Iberostar Teneriferen kantxan ekingo dio ACB Ligako bere bigarren ibialdiari, irailaren 25ean, asteazkena, gaueko 22.00etan hasita; lan zaila benetan, Tenerifekoek Ligan aurrean ibiltzeko taldea osatu baitute. Ikusi egin behar Alex Mumbru entrenatzailearen aginduetara zernolako erantzuna ematen duten beltzezko gizonek hain aurkari zailaren etxean. Kirolbet Baskoniak, berriz, aurkari errazagoa luke hasteko: irailaren 27an, ostiralez, 19.30etan Dario Brizuela donostiarraren Movistar Estudiantesen aurka. Hori gutxi balitz, etxean ekingo dio aurtengo sasoiari Velimir Perasovicen gizonek.
Lehenengo jardunaldi hontako gainontzeko neurketek osatuko dute: Valentzia Andorraren aurka; Manresa Unicajaren kontra; UCAM Murtzia eta Betis; Kanaria Handia Zaragozaren aurka eta, azkenik, Badalonako Joventut Real Madril egungo txapeldunaren kontra.
Bigarren jardunaldian egingo du debuta Bilbao Basketek Miribillan. Irailaren 29an, igandez, Valentzia Basket gogorra izango du aurkari eguerdiko 12.30etan hasita. Igandean baita ere, Kirolbet Baskoniak Bartzelonaren kantxa bisitatuko du 18.30etan.
Aurreneko euskal derbia laugarren jardunaldian izango da: Miribillan, urriaren 12 edo 13an RETAbet Bilbao Basketek eta Kirolbet Baskoniak elkarren aurka jokatuko dute. Gogoan izan behar da Bilbao Basketek duela bi denboraldi maila galdu zuenean, etxean gasteiztarren aurka galdu eta gero gelditu zirela ACB Ligan jokatzeko aurkeratik gabe. Bada, derbiaren beraren xarmaz gain, nolabaiteko berezitasunik izango duela biak elkarren aurka aritzeak. Bestetik, irailaren 14an Barakaldon jokatuko duten Euskal Kopako oroitzapenek fresko iraungo dute, eta ikusi egin beharko da Lasesarren gertatzen denarekin zerikusirik izango ote duen Miribillako demak. Bigarren itzuliko derbia 26. jardunaldian iritsiko da, martxoaren 28 edo 29an Buesa Arenan.
ACB Ligako azkenengo jardunaldia maiatzaren 9 eta 10eko asteburuan amaituko da. 2020. urtean Tokion Olinpiar Jokoak izango direlako, denboraldia ohi baino arinago amaituko da; uztailaren 24tik abuztuaren 9ra bitartean Tokiora joango diren azken lau selekzioak hautatzeko Olinpiar Jokoen aurreko torneoa jokatuko da gainera.
Ordutegi berriak
Bestetik, ACB Ligak aurtengo sasoian ohikoen izango duen partiden ordutegia ere publiko egin du. Telebistaren interesei jarraiki, larunbat arratsaldetan batetik, eta igande eguerdi eta arratsaldeak probestuko ditu partidak eskaintzeko.
Hala, zapatu arratsaldeko 18.00etan hasiko dira aurreneko partidak eta 20.30etan jokatuko da eguneko «partida garrantzitsuena». Igandean, berriz, lau txandatan jokatuko dira neurketak: 12.30etan –13,00etan Kanariar Irletan jokatuz gero–, 17.00etan, 18.30etan –igandeko partidarik garrantzitsuenari dagokion ordua– eta 20.00etan.