NAIZ

CAF Taldeak eta Saphirek egingo dute Jerusalemgo tren arinaren proiektua

CAF Taldeak eta Saphir eraikuntza enpresak osatutako kontsortzioa hautatu dute Jerusalemgo tren arinaren proiektua egiteko. Operazioaren guztizko bolumena 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da.

CAFek Jerusalemerako egingo dituen trenen diseinua. (CAF)
CAFek Jerusalemerako egingo dituen trenen diseinua. (CAF)

Jerusalemgo tren arinaren proiektua publiko-pribatua da eta bideko 27 kilometro berri, 53 geltoki berri eta depositu batzuk eraikitzea hartzen du barnean. Gaur egungo Linea Gorria 6,8 kilometro luzatuko dute eta Linea Berde berria, 20,6 kilometrokoa, eraiki.

CAF Beasaingo enpresa batzordeak konpainiaren zuzendaritzari eskatua zion proiektuari uko egiteko, «lurrak kenduko lizkietelako palestinarrei». Horregatik, LABek langileei «entzungor» egitea leporatu dio CAFi.

Kontratuak Linea Berde berrirako 114 tranbia berri diseinatu eta hornitzea eta Linea Gorrian gaur egun dagoeneko zerbitzua ematen duten 46 unitateak birgaitzea jasotzen du.

Hautatu duten kontsortzioak beste lan batzuk ere eginen ditu: seinaleztapeneko, energiako eta komunikazioetako sistemen hornikuntza eta bi linea horien operazioa eta mantentze-lana. Sistemaren operazioaren kasuan, lan horiek 15 urteko epean egingo dira eta aldi hori handitzeko aukera jasotzen du kontratuak.

Aurten hasi eta 2025ean amaitu

Mantentze-lanei dagokienez, aldiz, epea 25 urterako izango da. CAF Taldeari dagokion hornikuntzaren zati horren zenbatekoa 500 milioi euro baino gehiagokoa izango da eta hainbat lan biltzen du: unitate berrien hornikuntza, lehendik daudenen birgaitze-lana, seinaleztapeneko, energiako eta komunikazioetako sistemak hornitzea eta proiektuaren integrazioa.

Horri guztiari, gainera, bi lineen operazioko eta mantentze-lanetako jarduera kudeatuko duen SPV sozietatean izango duen %50eko partaidetza gehitu beharko zaio. Zati horri dagokion negozio-bolumena 1.000 milioi euro ingurukoa izango da kontratatutako aldi horretan. Proiektua aurten hasiko dela eta sare berria 2025. urtean erabat operatibo egongo dela espero dute.

Gaur egun, tranbiaren Linea Gorriak 13,8 kilometroko luzera du, eta 23 geltoki ditu. 2011n inauguratu zuten. Batez beste, egunero 145.000 bidaiari baino gehiago garraiatzen ditu. Linea hori luzatuta eta berria eraikita, Jerusalemek biztanle guztiak garraiatzeko trenbide-sare eragingarriagoa eta osoagoa izango du.

LABen kritika

CAFek Jerusalemgo tranbia-linea berria eraikitzeko lizitazio-prozesua irabazi duela jakin ondotik, enpresak langileek aho batez egindako eskeari «entzungor» egin diola kritikatu du LABek.

Lizitazio-prozesuaren inguruko erabakiari erantzun bateratu bat emateko bilduko da enpresa batzordea datozen asteetan.

LAB sindikatuaren arabera, salatzekoa da CAFek hartutako bidea, bere langileei entzungor egiteaz gain, «proiektuak berak ez dituelako nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubideak errespetatzen. Hain zuzen ere, Jerusalemgo tranbia-linea egiteko Palestinako lurrak desjabetuko dituzte».

Sindikatuaren iritziz, Jerusalemen egindako edozein tranbia-proiektuk Palestinako herriko legezko ordezkarien babesa jaso beharko luke, eta Palestinako herriak erabat baztertu du egitasmoa.