Amalur ARTOLA

Amezaga: «Herri, kultura eta hizkuntza bezala, momentu kritiko batean gaude Euskal Herrian»

Bertsolaritzatik abiatuta, kulturak egun dituen erronkez eta horiei aurre egiteko estrategiez aritu dira gaur Donostian, ‘Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak’ Udako Ikastaroan. Kulturgintzan zein sorkuntzan, artikulatzea estrategikoa dela ebatzi dute.

Zubiri, Retolaza, Amezaga eta Aizpurua, solasaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)
Zubiri, Retolaza, Amezaga eta Aizpurua, solasaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bertsolaritzak jakin izan du garai eta molde berrietara egokitzen, baita komunitatea sortu eta mantentzen ere, horretarako estrategiak garatu eta bertsolaritza bera etengabe birpentsatzeko gauza izan delako. Hala ebatzi dute gaur Donostiako Miramar jauregian ‘Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak’ Udako Ikastarora batu diren hizlari zein solaskideek, eta urrutirago ere joan dira: euskal kulturak, bere osotasunean, etorkizunean izan ditzakeen erronkak identifikatu eta bertsolaritzaren esperientziatik zer eskaini dakiokeen ere eztabaidatu dute.

Banan banako mintza-saioen ostean, mahai-inguruan bildu eta ikastaroan izena eman dutenekin solasean aritu dira Josu Amezaga, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri, hirurak EHUko irakasleak eta alor ezberdinetan berezituak, Karlos Aizpurua moderatzaile lanetan zutela.

Bertsolaritzak egun duen egoera ez da ez kasualitatea eta ezta zorte ona ere, Amezagaren iritzian. «Bere momentuan gauza batzuk ikusi eta zenbait mekanismo jarri ziren martxan, hezkuntzan, sustapenean, ikekuntzan… Bertsozale elkartean hamazortzi pertsonak egiten dute lan horretan. Euskarazko komunikabideen kasuan, guk EHUn behategi bat dugu, baina ez dago egitura bat. Ez al da behar sektoreka halako planik?», galdegin du, eta bertsolaritzan egin den lanketa euskararen zein kulturaren esparrura zabaltzearen aldeko azaldu da: «Bertsolaritzan egin dena modu globalago batean landu behar da, gero emaitzak ikusi egiten direlako». Komunikabideen kasuan, Amezagaren hitzetan, oraindik oso urrun gaude egon beharko genukeen lekutik.

Zubiri kritiko agertzearen aldeko azaldu da, baina kritikek eraikitzeko balio behar dutela azpimarratuz. Ez inmobilismorako aitzakia gisa. «Ez da oso sanoa beti kritikatzen egotea. Egoera orain oso aproposa da erabakitzeko zer egin nahi dugun, eskura inoiz baino informazio gehiago daukagulako ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, bada, erabili dezagun», egin du arrapostu.

Argitaletxeen gainbehera

Retolazak hartu dio segida, baliabide materialez gainera humanoak ere aintzat hartu beharko liratekeela nabarmenduz. «Arlo askotan jardun duen jende asko daukagu, eta ni alde horretatik baikorra naiz». Kezkatuta agertu da, ordea, literaturaren kasuan argitaletxeek izan dezaketen gainbeherarekin. «Elkar kenduta, beste egitura bat duelako», euskaraz argitaratzen duten argitaletxeetan oinordekotza ez dela landu esan du eta edizio lanei segida emate horretan hutsunea ikusten duela gaineratu du. «Badaude kapital sinboliko-humanoak non ez den birpentsatu, eta hor metatuta dagoena erori eta galdu egingo da ez badugu lantzen», ziurtatu du, egoeraren «urgentzia» nabarmenduz.

Aldaketa horiek eman daitezen erakundeetan jarria dute begia, baina erakundeei, gaur-gaurkoz bederen, eragin egin behar zaiela ere argi dute. Eta hor, beste behin, mobilizatzeko gai den gizarte bizia sartzen da jokoan. «Gobernuak ez du erabaki DSBE [edo diru-sarrerak bermatzeko errenta] sortzea, hori egin da presio bat egon delako. Gizarte mugimenduek bultzatuta funtzionatzen dute gauza askok», ziurtatu du Zubirik, eta hariari tiraka politikarien agendan kulturak betetzen duen lekuaz aritu da Retolaza: «Hauteskunde garaian kultura ez dago agenda politikoan, ez dago mapan, ez da aipatzen debateetan. Gizarte mugimenduen eskuhartzeetako bat ere izan behar da kultura lehen lerrora eramatea».

Kultur sortzaileak, baina, gutxirekin asko egitera ohituta daude. «Eta, askotan, egiten uzten badigute, pozik», nabarmendu du Amezagak: «Uste dut honez gero gehiago exijitu behar dugula eta hau eztabaida politikora eraman behar dela». Eta, bide horretan, erakundeez gainera kulturgintzako agenteek duten papera nabarmendu dute hizlariek.

Euskal kulturaren hartzailea

Nori begira jarri behar dugu, ordea, euskal kultura? «Momentu kritiko batean gaude Euskal Herrian, herri bezala, kultura bezala eta hizkuntza bezala. Euskal komunitatea milioi bat pertsona izatera irits gaitezke, baina milioi horrek ez du osatzen hiztun komunitatea, askoz txikiagoa da, eta bada garaia hori mugitzeko», aldarrikatu du Amezagak.

Euskarazko komunikabideen kasuan ere, kontsumoa igo den arren kontsumitzaile kopuruak berean jarraitzen duela esan du, hau da, euskaldunok geroz eta gehiago kontsumitzen dugu, trinkotu egin da komunitatea, baina nekez zabaldu. «Nik uste dut masa trinko hori zabaldu egin behar dela», esan du. Eta Zubirik, bere aldetik, zabaltze horretarako gakoak identifikatu ditu: generoa, etnia eta hizkuntz komunitatea.

Eta, berriro ere, erakundeen erantzukizuna jarri dute mahaigainean. ‘Euskal kulturaren plana’-ren ordez ‘kulturaren euskal plana’ behar dela aldarrikatu dute, eta, Amezagaren hitzetan, «erakundeak konbentzitu behar ditugu, herri honen zioa ziurta dezakeen bakarra kultura baita, eta hizkuntza».

Retolazak ere heldu dio gaiari, ‘idazleen marka’ hizpide: «Kirmen Uriberi turismo gida bat balitz bezala ematen zaionean dirua nobela bat eraikitzeko, idazleen marka ari gara sortzen. Kontradiskurtsorik egiten ez dugun bitartean, hori indartzen ari gara», ziurtatu du, batzuetan sortzailearen sorlanak baino haren gainean eraiki den markak gehiago balio duela ziurtatuz.