@Maite_Ubiria

Bertan behera utzi dute gaurko deituta zegoen desobedientzia ekimena

Azkeneko orduan prefeturak Baionan esklusio gune zabala ezartzeko erabakia hartu zuen. Hala, hiriburuko zubi nagusietan harresi erraldoiak ezarri zituzten, atzo, Biarritzen bizi den setio egoerari segida emanez. Egoera horretan mila bat lagunek manifestazioa egin zuten arratsaldean, eta horietatik ehunka gutxi batzuk iluntzean Baiona Tipian inguratuta geratu ziren. Poliziak ur tutuak eta baita mutilizazio larriak sor ditzaketen materialak erabali zituen. Egoera horrean, gaur goizean polizi okupazioa salatzeko ekimena egiteko zen G7 kontrako plataforma bertan behera geratu da nahiko segurtasun bermeak ez direlako. Eguerdian agerraldia egin dute Angelun, erabakiaren berri emateko.

Manifestariak polizi harresien aurrrean, bart Baiona Ttipian. (Guillaume FAUVEAU)
Manifestariak polizi harresien aurrrean, bart Baiona Ttipian. (Guillaume FAUVEAU)

Gaur goizean desobedientzia zibilari loturiko hainbat ekimen deitu dituzte. 10.30tan, Baiona erdigunean hitzordua eman du Bizi! mugimenduak.

Ekimenaren baitan azkeneko hilabetetan klimaren alde Macronek duen engaiamendu eskasa salatzeko hainbat herriko etxeetan hustu dituzten frantses presidentearen potreta ofizialak non eta nola agertaraziko dituzten jakitera emateko asmoa dute.

Bestalde, G7ren aurkako plataformak, atzo 15.000 lagun bildu zuen manifestazio koloretsu bezain arrakastatsua burutu ostean, gaur ortzadar operazioa gauzatzeko asmoa zuen, zazpi eremu publikoetan okupazioak eginez.

Izan ere, polizi dispositibo erraldoiak segurtasun aldetik bermeak ez zituela eskaintzen iritzita, azkenik puntu bakar batean egingo zuela setio polizia salatzeko helburu izanen zuen ekimena jakitera eman zuen bart gauean.

Gaur goizean plaaformako kideek Naizi azaldu diotenez, azkenean ekimena bertan behera utzi dute bertara joateko asmoa zuten lagunen segurtasuna ezin dutelako bermatu.

Atzo iluntzean polizi eta manifestarien arteko liskarrak izan diren Baionan.

Arratsalde erditsuan hasi zen jendea metatzen Baionako Tipian. Txarangak, mozorroak, giro alaian abiatu zen deitutik gabeko ekimena.

Izan ere, orduak aurrera joan ahala giroa berotuz joan zen.

Baiona, Biarritz bezala, kaiola erraldoi bilakatu zen atzo. Azkeneko orduan, herritarrei horren berri eman gabe, Lapurdiko hiriburuan dagoeneko nabarmena zen polizi presentzia itogarriaren gehigarriz esklusio gune zabala agindu zuen prefeturak.

Horren baitan, hiriko zubietan itxidura handiak ezarri zituzten eta erdigunea hustu zen. Biarritz hiri hila, Baiona baitaere.

Manifestazioa sabaia Baionan

Egoera hori salatzeko mila lagun inguru karrikara jauzi ziren. Poliziz inguratuta Castorama saltegira hurbiltzeko asmoa zuten. Hura itxi ondoren, hiri barnean, inguru batetik bestera murgildu zen jendea, finean Baiona Ttipian babesa bilatu arte.

Arratsaldean zehar ibaiaren ertzetan istilu txikiak izan ziren. Egoera dezente baretu zenean, ordea, Polizia Pannecau karrikan zen jendearen kontra oldartu zen.

Anartean, San Andres ingurua eta orohar auzo osoa kartzela bilakatu zen. Kazetariek, azkenik, bertatik ateratzeko baimena jaso zuten, baina poliziaren portaera bortitza izan zen.

Ke poteak eta, hainbat lekukoen arabera, mutilizazio zinez larriak sor ditzaketen gerra materialak baliatu zituzten poliziek. Hala nola LBD edo Flash-Ball.

Gogora dezagun, abenduan Miarritzen egin ziren protestetan, hain zuzen ere G7 gailurraren prestaketa bilkura salatzeko asmoz, 19 urteko Lola Villabriga gazte miarriztarrak aurpegi masailan larri zauritu zela poliziak horrelako arma batekin eraso egin ondoren.

38 atxiloketa eta dozena bat zauritu

Baionako erietxeak ez du informaziorik eman zaurituen gainean. Manifestarien ondoan jardun zuten mediku zerbitzuek jakitera eman zutenez 23 lagun zauritu ziren. Baionako larrialdi zerbitzuek, bestalde, hamabi bat zauritu artatu zituzten, denak zauri arinak zituztela.

Hori da Chloe Rebillard kazetari independenteak eman duen informazioa sare sozialen bitartez. Kazetari berak zauri arinak jaso zituen orkatila batean, iduriz ke pote batek kolpatu ondoren.

Prefeturak bart eman zuen behin-behineko bilanaren arabera, 68 lagun atzeman zituen poliziak, horietatik 38 atxilotuta litzateke.

Jakin behar da Baionako auzitegiak abokatu eta fiskalen zerbitzua indartu duela hain zuzen G7ri loturiko atxiloketei erantzuteko.

Litekeena da atxilotuen aurka auzi azkarrak agintzea, berahala beraien kontrako neurriak hartzeko xedez.