Naiz
Donostia

Alfonso Cuaronen ‘Roma’ filmak kritikaren Fipresci saria jasoko du

Urteko pelikularik onena izendatu dute iaz Venezian estreinatu ostean. Bozketan mundu osoko 618 profesionalek hartu dute parte, non txuri-beltzeko istorioa garaile atera den.

Veneziako zinema jaialdian Urrezko Lehoia eskuratu zuen Cuaronen lanak. (NAIZ)
Veneziako zinema jaialdian Urrezko Lehoia eskuratu zuen Cuaronen lanak. (NAIZ)

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek (FIPRESCI) ‘Roma’ izendatu dute 2019ko urteko film onena. Bozketan mundu osoko 618 kritikarik hartu dute parte, eta 2018ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik aukeratu dute ekoizpen hori. Beste hiru film izan dira finalean: Bong Joon-horen ‘Gisaenchung / Parasite’-k Perlak sailean parte hartuko du Cannesen Urrezko Palmorria irabazi eta gero; Pedro Almodovarren ‘Dolor y gloria’-ri esker Cannesen aktore onenaren saria irabazi zuen Antonio Banderasek; eta Yorgos Lanthimosen ‘The Favourite / La favorita’-k, Venezian saria irabazi eta emakumezko aktore onenaren Oscarra ekarri zion Olivia Colmani.

Alfonso Cuaronek lehen aldiz irabazi du saria. Hain zuzen ere, ‘Roma’-k jasotako azken aitormena da Fipresci Sari Nagusia; Venezian estreinatu eta gero, Perlak sailean parte hartu zuen 2018an, eta sari-zerrenda amaigabea bildu du hilabete hauetan: Urrezko Lehoia Venezian; ingelesez besteko film onenaren, zuzendaritza onenaren eta argazki onenaren Oscar sariak; ingelesez besteko film onenaren eta argazki onenaren BAFTA sariak; hamar Ariel sari; film iberoamerikar onenaren Goya saria; eta zazpi Platino sari, besteak beste.

1999an sortu zenetik, maila handiko zinemagileak nabarmendu ditu Fipresci Sari Nagusiak: esaterako, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, George Miller, Maren Ade, Aki Kaurismäki eta Paul Thomas Anderson, beste batzuen artean.

67. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan banatuko da Fipresci Sari Nagusia.