Ariane KAMIO
Donostia

Bederatzi film ikusteko, eta dastatzeko

Bederatzi filmek osatzen dute aurtengo Donostiako Zinemaldiaren baitan eskainiko den Culinary Zinema saileko egitaraua. Horietatik zazpi, afari banarekin eskainiko dira. Iñaki Arteta, Mikel Urretabizkaia eta Igor Arabaolaza, euskal zuzendarien artean.

Bittor Arginzonizi buruzko dokumentala eskainiko dute irailaren 22an. (ZINEMALDIA)
Bittor Arginzonizi buruzko dokumentala eskainiko dute irailaren 22an. (ZINEMALDIA)

Bederatzi film luze eta lau film labur eskainiko ditu aurten Donostiako Zinemaldiak Basque Culinary Centerrekin batera antolatzen duen sailak. Gastronomia eta zinema batera jartzen ditu Culinary Zinema sailak, norabide desberdinetara bideratzen diren zentzumenen bitartez. Ukigarriak batzuk, gazta edo txokolatea, kasu. Eta ukiezinak besteak, tokiko ekoizleen harremana, familiako transmisioa edo edertasuna, esaterako.

Aurtengo eskaintzaren zertzeladak eman dituzte gaur goizean Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Basque Culinary Centerreko arduradun Jose Mari Aizegak. Bederatzi film luze izango dira orotara. Horien artean bi euskal izen. Batetik, Iñaki Artetak Etxebarri jatetxeko Bittor Arginzoniz sukaldariarengana eramango du ikuslea ‘Vivir en el silencio’ filmarekin, sukaldari autodidakta izanik, munduko onenen artera iritsi baita bere erretegia.

Bigarren euskal zuzendaria Mikel Urretabizkaia izango da, ‘El secreto de Urdaneta’ dokumentalaren egilea, non Urbia, Aralar eta Gorbeiako mendikateetan barrenduko baiten Idiazabal gaztaren unibertsoa arakatzeko. Besteak beste, Eli Arrillaga, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Rocaren lekukotzak bildu ditu ‘Gazta’ filmean.

Inaugurazio filma, irailaren 21ean, ‘La leyenda de Don Julio’ izango da, Alfred Oliverik zuzendua, Buenos Airesko eta Latinoamerikako jatetxerik garrantzitsuenetako bati erreferentzia egiten diona. Gau horretan, filmaren proiekzioaz gain, afari berezia izango da Pablo Rivero jatetxeko sukaldari liderrak egingo duen menuarekin.

Biharamunean eskainiko da ‘Vivir en el silencio’ euskal filma, eta hura ere afari baten bitartez lagunduta joango da. Basque Culinary Centerren gonbidatuentzat sukaldatzen arituko dira Juanan Zaldua, Aitor Arregi eta Xabi Gorrotxategi. Hitzordu berean Nespresso Talents lehiaketako hiru film labur ikusi ahal izango dira: ‘La receta de la vida’ (Marta Lopez, Eduardo Peiro), ‘Huele a ti’ (Marc Vadillo, Marwan Sabri) eta ‘Nouvelle Cuisine’ (Jose Manuel Prada).

Hilaren 23an ‘The Taste of Pho’ filma izango da protagonista, Mariko Bobrik-ek zuzendua. Bere lehenengo film luze honetan sukaldari vietnamdar bat (Ly Leap) jarri du ardatzean. Varsovian bizi da eta ahaleginak eta bi egingo ditu Europako kulturara moldatzeko, alabak erabat barneratu baitu. Leap berak eta Mikel Gallo sukaldariak eskainiko dute afaria gau horretan Ni Neu jatetxean.

Irailaren 24ean ‘Sora no restaurant’, Yoshihiro Fukagawa japoniarraren lana ikusi ahal izango da. Gaztagile bat da filmaren ardatza. Sukaldari batek bisita egiten dionean, lagunekin batera egun bateko jatetxea muntatzeko ideia bururatuko zaio. Jakiak prestatzeko, bertako eta zero kilometroko produktuak erabiliko dituzte. Gau horretan Edorta Lamok, Roberto Ruizek, Luis Salcedok eta Luke Dolphinek sukaldatuko dute Basque Culinary Centerren. Hitzordu berean Igor Arabaolazaren ‘Zer jan hura izan’ film laburra ikusi ahal izango da.

Jose Mari Aizegaren aburuz, Culinary Zinemako momentu gorena irailaren 25ean iritsiko da. Sergio Pieraren ‘Cocinar belleza’ film luzea izango da protagonista, non profil artistiko askotariko ahotsak bilduko dituen galdera bati erantzuteko. Zaporea ederra izan daiteke? Kontzeptu horren inguruan elkarrizketa bideratuko dute Toni Segarra publizistak eta Quique Dacosta hiru Michelin izardun sukaldariak. Dacostak berak eskainiko du afaria gau horretan Basque Culinary Centerren.

Ostiralean, hilak 26, Park Hye-Ryoung zuzendari hego korearraren ‘The Wandering Chef’ lana ikusi ahal izango da. Jiho Im sukaldariak Koreako penintsula zeharkatuko du, ertzetik ertzera, sendagarritzat jotzen diren osagai bitxienen bila. Eta sukaldaria bera izango da protagonista Basque Culinary Centerren eskainiko den afarian.

Sailari itxiera Michael Leiren ‘Un sabor a cielo’ lanak emango dio. Boliviako hiriburuan, La Pazen, itsas mailatik 3.640 metrora, jatorri oso desberdineko hiru pertsona bildu ditu sukaldaritza proiektu asmo handiko batek, eta betirako aldatuko ditu haien bizitzak. Afaria Tabakalerako LABe gunean eskainiko dute Maria Tahak eta Kenzo Hirosek.

Afaririk gabeko beste bi proiekzio ere izango dira, Takasi Watanaberen ‘Le chocolat de H’ eta Mikel Urretabizkaiaren ‘Gazta’.

Sailak beraz, bederatzi film luze, lau labur eta zazpi afari tematiko eskainiko ditu. Emanaldi afaridunera joateko sarrerak ostiralean jarriko dira salgai, goizeko 09.00etan, 70 euroko prezioan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webgunearen bitartez. Filmetarako sarrera soilak irailaren 15etik aurrera jarriko dira salgai, 7,90 eurotan.