Maite UBIRIA

Epaitegiak bihar aztertuko du Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasun eskaera

Pariseko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegia heldu den udaberrian 30 urteko kartzelaldira helduko den Xistor Haranbururi baldintzapeko askatasuna ematearen alde azaldu zen iragan uztailaren 5ean jakitera eman zuen erabakiaren bidez. Izan ere, prokuradoreak berehala helegitea aurkeztu zuen ebazpenaren kontra, eta horren ondorioz bihar helegite auzia iraganen da Parisen. Preso senpertarrak Lannemezango espetxetik hitza hartuko du, bideokonferentzia baliatuta.

Xistor Haranbururen aldeko elkarretaratzea Baionako suprefeturaren aurrean, Baionan, joan zen uztailaren 5ean. (Guillaume FAUVEAU)
Xistor Haranbururen aldeko elkarretaratzea Baionako suprefeturaren aurrean, Baionan, joan zen uztailaren 5ean. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan maiatzaren 7an aipaturiko auzitegiak preso lapurtarrak askatasuna berreskuratzeko bidean aurkezturiko bigarren prozedura aztertu zuen. Dagoeneko Haranburuk 2013an aurkeztu zuen aurreko eskaera errefusatu zuen frantses justiziak.

Prokuradoreak ez zuen, ordea, bi eskaera horien artean Euskal Herrian gertaturiko aldaketak –ETA erakundearen desegitea– aintzat hartu, ezta Iparraldeko gizartearen baitan kartzela zigor luzeak bete dituzten edota gaixotasun larriak dituzten presoen askatasunaren alde eratutako adostasun anitz eta zabala ere.

Xistor Haranburuk 65 urte ditu. Espainiar Estatuan Unai Parot atxilotu ondoren, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parotekin batera atzeman zuten. 1990an frantses justiziak bizi osorako espetxe zigorra ezarri zien hiruroi.

Haranburuk jaso zuen epai horren arabera, 2008az geroztik baldintzapeko askatasuna galdetu zezakeen.

Izan ere, txosten guztiak bere alde izan arren –azkeneko epaiketan Lannemezango kartzelako zuzendariaren babesa jaso zuen– prokuradoreak behin eta berriro aukera hori blokeatu du.

Jujearen ebazpena baieztatzeko eskaera

Maritxu Paulus-Basurko abokatuak NAIZi azaldu dionaren arabera, biharko auzia 14.00etan iraganen da. Abokatua Pariseko auzitegian izanen da, baina presoak ere aukera izanen du hitza hartzeko, kasu horretan bideokonferentzia baliatuta, espetxetik.

Osteguneko auzian, epaileak hartu zuen lehenengo erabakia, hain zuzen ere Haranbururen askatasuna onartuz, berrestea eskatuko du presoaren defentsak.

Prokuradoreak jujearen erabakia deuseztatzeko harturiko erabakia salatuz mugimendu zabala azaldu zen, iragan uztailaren 5ean, Ipar Euskal Herrian.

Euskal Elkargoaren egoitzan besteak beste Jean-René Etchegaray lehendakaria, Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea, Max Brisson senatari eskuindarra edo Emilie Dutoya (PS) eta Alize Leiziagezahar (Berdeak) Akitania Berriko eskualde kontseilariak elkartu ziren auziaren zain.

Prokuradoreak harturiko jokabidearen berri izan ondoren adierazpen gogorra zabaldu zuten «terrorismoaren» aurkako saileko jardunaz gain «frantses justiziaren politizazioa» salatuz.

Gaur zabaldu zuen agiriaren bidez, Bake Bideak «parquet antiterroriste» delakoak harturiko jokabidea salatu du beste behin ere.

«Xistor Haranbururen askatzeak ETAren birsortzea ekarri dezakeela errateak kasu onenean ezjakintasuna izan daiteke eta txarrenean mendekua», adierazi du prokuradoreak auzian defendatu zuen argudio nagusia gezurtatuz.

Beyrie eta Fernandez Iradi

Xistor Haranbururen kasuan bezala, Lorentxa Beyriren auzian ere «epaileak harturiko lehenengo erabakia errespetatzea» galdegin du aipaturiko elkarteak.

18 urte preso bete dituen Kanboko presoaren kasuari buruzko erabakia hilaren 12an jakinen da, dei auzian. Uztailean 18an Zigorren Aplikazio Epaitegiak bera askatzea onartu bazuen ere, epaileak harturiko erabakiaren kontra helegitea ezarri zuen fiskalak.

Bestalde, 16 urteko kartzelaldia bete duen eta larri gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera egun berean aztertuko du Dei Auzitegiak.

Bake Bideak oroitarazi duenez, esklerosi ainizkoitza duen presoa askatzearen alde azaldu zen epailea 2014an, baina prokuradoreak blokeatu zuen erabakia. Zigorraren suspentsioa eskatuz jarritako bigarren eskaeraren gainean dei audientzia iraganen da hilaren 25ean.