NAIZ
GASTEIZ

Ander Rodriguez izango da Pello Urizarren ordezkoa Gasteizko Legebiltzarrean

Ander Rodriguezek ordezkatuko du Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizko Parlamentuan. Gaur bertan hartu du kargua Gipuzkoako Foru Aldundian Gizarte Politikako diputatua izan zenak.

Ander Rodriguez, Gizarte Politikako diputatu zenean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ander Rodriguez, Gizarte Politikako diputatu zenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

EH Bilduk ohar batean berri eman duenez, Ander Rodriguez Lejarza (Arrasate, 1982) izango da Pello Urizarren ordezkoa Gasteizko Legebiltzarrean. Gaur bertan hartu du kargua.

Rodriguezen ibilbide instituzionala 2003an hasi zen Arrasaten, zinegotzi bezala, 2015era bitartean. Batzarkide ere izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan bi etapa ezberdinetan (2007-2011 eta 2017-2019 legegintzaldietan), eta 2011tik 2015era Gizarte Politikako diputatua izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian.

Prestakuntza akademikoari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkide berriak Historiako Gradua (EHU/UPV) dauka, masterra egin du Ikerketa Historiko, Artistiko eta Geografikorako Metodo eta Teknika Aurreratuei buruz, Analisi Geoespazialari buruzko Graduondoa dauka eta egun doktoretza-tesia egiten ari da: Teoria Ebolutiboaren Aplikazioa Transmisio Kulturalari Historiaurrean gaia lantzen ari da.

Pello Urizarrek joan zen ekainean dimititu zuen EAko idazkari nagusi gisa eta kargu politiko guztiak utziko zituela iragarri zuen. Orduan azaldu zuenez, ziklo politiko baten bukaera iritsi zela uste zuen, eta EH Bilduren proiektua jada egonkortuta zegoela. Eraberritzea «osasuntsua» zela nabarmendu zuen bere arrazoien berri emateko egin zuen agerraldian. Hamar urteko ibilbidea amaitutzat eman zuen horrela.