«Oso kontziente izan gara enpatiaren jokoaz, Jordirekikoa sor zedila lantzeaz»
Las Chicas de Pasaik kolektiboarekin Zabaltegin ‘Gure hormek’ aurkeztu ostean, bere lehen luzearekin Zuzendari Berriak sailean sartu da Maider Fernandez (Donostia, 1988). Bertan, Jordi aurkezten digu, fedearen bilaketaz eta komunikazioaren garrantziaz mintzatuko zaigun kataluniarra.
Nola ezagutu zenuen Jordi eta nola sortu zen dokumenta grabatzeko ideia?
2015ean, erabaki nuen dokumental master bat egitea Bartzelonan eta proiektu bat aurkeztu behar nuen. Garai hartan, ez dakit oso ondo zergatik, mirarien inguruko interesa sortu zitzaidan eta Lourdesen, Frantzia hegoaldean dagoen santutegiaren inguruko dokumentala egitea otu zitzaidan. Proiektu horren harira ezagutu nuen Jordi. Bera urtero Lourdesera peregrinazioa egiten duen talde bateko kide da, berekiko interesa piztu zitzaidan, grabatzen hasi ginen eta, azkenean, pelikulak guztizko bira egin eta berari buruzko filma bilakatu zen, ez horrenbeste santutegiari buruzkoa.
Nola deskribatuko zenuke Jordi?
Jordi gaur egun 53 urte dituen gizon bat da, garun paralisia duena eta eta fededuna, baina nik ezagutu nuenean fede krisi batean murgildua zegoen. Bereziki esango nuke Jordi oso kontziente dela gizakiok dugun komunikatzeko beharraz eta horregatik saiatzen da beti bere burua aurkezten, elkarrizketaren eta komunikazioaren bidez, denok egiten dugun moduan. Gauza da berak muga batzuk dituela eta komunikazio horretan letradun kartoizko taula batekin hitz egiten duenez komunikazioa motelagoa dela: bera hatz batekin markatzen doa letra bakoitza, hitz bakoitza eta horrela hasten dira esaldiak agertzen, elkarrizketak sortzen.
Aipatu duzu Jordik fede krisialdia zuen une batean ezagutu zenutela elkar. Lourdesera joate horrek indarberritu egin zuen, zer da fedea beretzat?
Esperientzia oso berezia izan zuen 21 urte zituenean. Berak dioenez, Jainkoa ikusi zuen eta harrezkero benetako fededuntzat du bere burua. Bi ikuspuntu daude hor: bata berea da, berak sentitzen duena, energia iturri handia baita beretzat; Lourdesera doanean Jainkoaren presentzia sentitzen du eta indarberritu egiten da. Nire ikuspuntutik, komunikazio zailtasunak dituen pertsona batentzat zuzeneko komunikazioa aurkitzea oso berezia da, azken finean pentsamendutik zuzenean doalako zure mezua eta berak hor ez du mugarik sentitzen, zuzeneko komunikazioa sentitzen du.
Jordiren egunerokotasunera, ametsak eta frustrazioak dituen pertsona baten bizitzara daramazu ikuslea. Aurreiritziak haustea bazen asmoa?
Nik ez nuen planteamendu hori egin, baina egia da muntaiarekin hori agerrarazi dugula. Nik banekien pelikula bat egin nahi nuela baina ez nekien elkarrizketa horiek pelikularako material edo soilik ikerketarako material izango ziren. Gure hizketaldiak modu naturalean planteatzen nituen, uneoro beste edonor bezala tratatu nuela uste dut eta muntaian horri garrantzia eman genion. Profil jakin bat duten pelikulekin gertatzen da etiketatu egiten direla, eta gu saiatu gara hori ekiditen. Horregatik, adibidez, protagonista pixka bat berandu aurkezten da fisikoki. Oso kontziente izan gara enpatiaren jokoaz, gurekiko enpatiaz gainera Jordirekiko ere sortze bideratzeaz. Joko horren bidez etiketei izkin egin diegula uste dut.
Ikusmira Berriak programari esker osatu duzu pelikula. Zelakoa izan da esperientzia?
Proiektua aukeratzeak berak sekulako indarra ematen dizu, zure buruan sinesteko gaitasun gehiago. Horretaz gain, baliabideak eskaintzen dizkizu, toki bat lana garatu ahal izateko, materiala –Lourdeseko grabaketarako beraiek utzi zidaten kamera eta materiala– eta zuri laguntzeko prest dauden profesionalak. Bereziki eskertu nuen Sergio Oksman zuzendariaren laguntza, niri asko interesatzen zait bere lana eta uste dut berari nirea interesatu zaiola, laguntza handia eman dit.
Zabaltegin egon zinen, orain Zuzendari Berriak atalean. Ze esanahi du horrek zuretzat?
Kristoren aukera da. Espero gabeko zerbait izan da pelikula hemen aurkeztea. Gainera ni donostiarra naiz eta ilusio handia egiten dit familiak, lagunek, nire filma hemen ikusteak. Eta, horretaz gainera, nazioarteko erakusleiho izugarria da Zuzendari Berriak saila, beste zine jaialdietan interesa pizten du, programatzaileengan, nazioarteko salmentan interesa dutenengan. Nire pelikula txikia da baina erakusleiho honek errefortzua emango dio ahal dugun lekuraino iristeko. Eta hori sekulako aukera da.