Nagore BELASTEGI
Donostia

Europar abertzaletasuna indartzeko gerra bat asmatu du Eneko Barberenak

2018ko Zubikarai Saria irabazi zuen Eneko Barberenaren proiektua gorzpuztu egin da ‘Afrikanerrak’ eleberrian. Etorkizun hurbil batean Afrika inbadituko du Europako Batasunak, eta bertan sortzen den gerran parte hartzeko gazteak zozketan hautatuko dituzte, baita Euskal Herrian ere.

Eneko Barberena idazlea eta Xabier Mendizabal editorea. (Maialen ANDRES / FOKU)
Eneko Barberena idazlea eta Xabier Mendizabal editorea. (Maialen ANDRES / FOKU)

Etorkizun hurbilean kokatu du Eneko Barberenak bere lehen nobela, ‘Afrikanerrak’ (Elkar). Begirada aurrera bota du, baina ez gehiegi. Ez da zientzia-fikziozko istorio bat, egia izan daiteken fikziozkoa baizik. Afrikan gertatuko litzatekeen gerra bat du aitzaki indiferentziari buruz mintzatzeko.

Gaur goizeko prentsaurrekoan arrasatearrak azaldu duenez, Europako Batasunak Afrika inbaditzen du, eta eleberrian zehar bi familien egunerokotasuna ezagutuko dugu. Bi eszenatoki daude: Afrikako iparraldea eta Debagoiena eskualdea. Gerra migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz hasiko da eta armadan izena emateko nahiko gazterik ez dagoenez, zozketa bidez hornitu beharko da euskal konpainia.

Aitor eta Eider dira protagonistak, Arrasateko liburutegiko langilea lehena, Gasteizko eskola publiko bateko zuzendaria bestea. Pertsonaia hauek «nahiko antipatikoak» egiten zaizkio idazleari berari, eta erronka moduan hartu du euren zapatetan jarri behar izatea. Beraiek telebistan ikusiko dute gertatzen ari den gerra eta gertu izango dituzte bertara joateko gazteak aukeratzeko zozketak. «Nola kudeatzen dute guzti hori? Nola bizi gaitezke gu mediterraneoan tragedia bat gertatzen ari dela ikustean?», galdetu du.

Mediterraniar Itsasoko azken urtetako migrazio horiek eman zioten nobelaren ideia, nola baltsa bat Andaluziako turistez betetako hondartza batera iritsi zen eta bertan zeudenek lagundu behar izan zieten migranteei. Etorkizun hurbilera bidaiatu duenez orain ikusten dituen joerak izan ditu kontutan, gauza batzuk aldatuz baina sekulako birarik eman gabe egunerokotasunari.

Gerra europar abertzaletasuna sustatzeko tresna gisa erabiltzen da, popularitatea galtzen ari den Europar Batasunak atxikimenduak lor ditzan. Euskal Herrian konpainia desberdinak daude, eta horien artean Debagoiena Konpainia: «blog bat du eta gerra propaganda egiten dute. Konbentzituta daude Europako Batasunak mesede egiten diola Afrikari, mafien kontra borrokatzen delako», esan du ‘Elorregi’ ezizenarekin sinatuta liburuan tartekatzen diren testu laburrei buruz.

‘Afrikanerrak’-en parte bat Debagoienan kokatu izanaren arrazoia sinplea da. «Ondo ezagutzen dudalako. Donostian kokatuz simulazio bat egin nuen, baina bertan ikasi nuen arren ez nintzen ausartu. Debagoienako izaera ezinbestean agertzen da, baina ez nik bilatu dudalako. Euskal Herriko edozein eskualde izan ziteken; izan ziteken Beasain edo Durango», azpimarratu du.

Eleberri hau Ondarroak banatzen duen Zubikarai Sariaren fruitua da, iaz bera izan baitzen irabazlea lehiaketan. Hori dela eta, asteazkenean, Literatur Amuak jaialdiaren baitan, Kofradi Zaharrean, 19.00etan, aurkeztuko du liburua jendaurrean. Egun horretan bertan jakinaraziko dute nor den aurtengo eleberri proiektu irabazlea eta, beraz, datorren urtean argitaratuko dena.