Athleticek bazkalorduan jokatuko du Vila-realen zelaian igande honetan. Zuri-gorriak lasaitasun puntu batekin iritsiko dira norgehiagora aste barruan Espanyol San Mamesen mendean hartu ostean. Bost partida irabazi gabe izan ondoren bolada txarrari amaiera eman zion taldeak, baina Garitanok garaipenak lortzeko «behar» hori beti daukatela esan du Lezaman gaur goizean egindako agerraldian.
Azaldu duenez, irabazteak ematen duen «lasaitasuna» ezin da «intentsitate falta» bilakatu. Hala ere, Derioko entrenatzaileak taldea partida guztietan «lehiakorra» izan dela nabarmendu du. «Beste gabezi batzuk ditugu baina hori ez», gaineratu du. Helburua etxetik kanpo garaipen bat lortzea dela aipatu du eta irabazteko «gosea» izatea.
Zuri-gorriek bost partida jokatu dituzte San Mamesetik kanpo eta hiru garaipen eta bi porrot jaso dituzte. Ildo horretan, «baikor» dagoela esan du Garitanok azken partida irabazi aurretik taldea ondo ikusten zuelako eta igande honetara begira baita ere, nahiz eta jakin Vila-real «indartsu» dagoela bere etxean eta partida «handia» egin beharko dutela bertan irabazi ahal izateko.
Puntuak lortzeko gola egin behar dutela azpimarratu du gogora ekarriz Vila-realek 17 gol egin dituela bere zelaian jokatutako bost partidetan. Bartzelona eta Real Madrilen ostean talderik indartsuena dela arlo horretan esan du. «Oso talde erasokorra da. 10-12 jokalari dituzte golak egiteko gai direnak eta urtero egin dituztenak». Garitanok esan bezala, «aukera asko dituzte erasoan», «era ezberdinetako jokalariak» izan arren «denak gola daukatenak». «Partida ona egin beharko dugu defentsan eta etxetik kanpo gola sartu behar da», azpimarratu du gaineratuz Vila-realen moduko taldeen kontra golik ez jasotzea oso zaila dela.
Unai Lopez, deialditik kanpo
Unai Lopezek ezin izan zuen Espanyolen kontrako partida bukatu arazo fisikoengatik eta ezin izan du azken entrenamenduetan parte hartu. Garitanok argi utzi zuen «ondo» dauden jokalariak eramango dituela lan saioaren aurretik. Beñat eta Unai Lopez lesionaturik daude eta San Josek edo Vesgak aukera izan dezakete Dani Garciaren alboan hamaikakoan sartzeko.
Garitanok emandako deialdiko berritasun nagusiak Vesga eta De Marcosen itzulera izan dira. Lekue kanpoan geratu da Unai Lopez bezala. Oihan Sancet gaztea ere ez da lehen taldearekin joango.
18 jokalari eramango ditu entrenatzaile zuri-gorriak: Unai Simon, Iago Herrerin, Unai Nuñez, Yeray, Iñigo Martinez, San Jose, Williams, Muniain, Cordoba, Larra, Dani Garcia, Vesga, Yuri, De Marcos, Ibai Gomez, Aduriz, Capa eta Raul Garcia.