Maddi Txintxurreta
Elkarrizketa
Leire Gomez Mendezona
Sare Lesbianistako kidea

«Gizarteak emakumetzat duen kategorian ez gara bollerak sartzen»

Leire Gomez Mendezona Sare Lesbianistako kideak "Gorputzak eta sexualitateak" izeneko mahai-inguru zentrala gidatu du Durangoko Jardunaldi Feministetan.

Leire Gomez Mendezona
Leire Gomez Mendezona

Interpelazio asko ikusten ari gara Jardunaldietan, bazterretako gorputzetatik zenbait aspektutan hegemonia ordezkatzen duten gorputzenganakoa. Beharrezkoa da interpelazio hori?
Guztiz beharrezkoa da. Feminismoetaz ari bagara eta esaten badugu feminismoak uztartu behar dituela emakumeen errealitate desberdinak, dudarik gabe, entzun behar dugu zeintzuk diren errealitate hauek eta zilegitasuna eman behar diegu. Gure feminismoan teoriatik praktikara eraman behar ditugu.

Nahiz eta deserosoa izan?
Bai, noski. Feminismoan, historikoki, beti izan dira momentu deserosoak. Kolokan jartzen ditugulako gure hausnarketak, eta hori da eboluzionatzea.

Gorputzak eta sexualitateak izeneko mahai-inguruan galdera bat bota duzue Sare Lesbianistakoek: izan daiteke heterosexuala eta feminista? Galdera itzuliko dizut.
Ez. Guretzat argi dago ezetz. Betidanik feminismoak egin izan duena da heteroarauaz hitz egin, heteropatriarkatuaz, eta bi terminologia hauek erabiliz, ematen du bolleren politikotasuna jada badagoela feminismoaren barruan sartuta. Dudarik gabe, teoria hori komunikabideetan eta gure komunikatuetan agertzea oso ondo dago, aurrerapauso bat da, baina hurrengo aurrerapausoa da nork bere sexualitatea zalantzan jartzea, heterosexualitate normatiboa deseraikitzea. Hainbat emakumek denbora asko galdu dute gizonezkoen partetik aldaketa bat eskatzen eta aldaketa hori ez da ematen. Guk galdetzen dugu, eta era komiko batean baina gure pentsamendu politikoan errotuta dagoen galdera da, zergatik ez duzue zuen artean sororitate hori sexualizatzen? Zergatik ez duzue inoiz zuen arteko desira hori aitortu?

Esaten duzue sistemak margenetara bultzatzen dituela bollerak, baina eroso sentitzen zaretela ertzetan. Zergatik egiten diozue uko zentroa okupatzeari?
Bollera erradikalak baldin bagara, zentro horiek beti kolokan jarriko ditugu, ez dugu zentroa izan nahi, ez dugu normatiboak izan nahi. Eta badakigu errealitateak ez duela hori baimenduko. Bollera politikoa izateak deseroso sentitzea ekartzen du halabeharrez, bollera normalizatu bat baldin bazara ez zara izango ziur aski bollera, lesbiana baizik, eta familia nuklearrean sinestuko duzu, ezkondu nahiko duzu… guk ez dugu familia bat eratu nahi eta ez dugu ezkontzan sinesten, sistemaren estruktura politiko eta eskonomikoa iruditzen zaigulako.

Mugimendu lesbofeministak aspalditik esaten du bollerak ez direla emakumeak.
Feminismoaren akatsetako bat da historikoki orokortu egin duela dena, eta horrek ekarri du subjektu feministaren eztabaida. Bollerok aspaldi esaten genuen ez garela emakumeak, zeren emakumearen zentralitate horrek bere gain hartzen zuen emakume eurozentrikoa, zuria, maila sozioekonomiko jakin batekoa, eta abar. Ez gara hor kokatzen. Gizarte honek emakumetzat hartzen duen kategoria horretan ez gara sartzen eta ez dugu sartu nahi.

Atzo dekolonialitateari buruzko mahaian, gaur sexualitate eta gorputzei buruzkoan, iritzi kontrajarriak agertu dira. Arrakalak dira Mugimendu Feministarentzat edo deslotuko diren korapiloak?
Erronkak dira. Mugimendu Feministak aspaldi entzun behar zituen gauzak dira eta ausardia osoz mahai gainean jarri dira. Uste dut, gainera, erronka hauei heltzeko oso momentu onean gaudela, eta hemendik hurrengo jardunaldietarako seguru nago errealitate hauek erosoago sentituko direla feminismoan eta feminismoak islatuko duela benetan errealitate hauen aniztasuna.