Bizi! mugimenduak gaur agiri baten bidez jakitera eman duenez 2020ko Herriko Etxeetako hauteskundeen karietara «metamorfosi ekologikoaren ituna» proposatuko du.
«Zerrendak engaiatu beharko dira, hautatuak badira, Herriko Etxe eta Euskal Elkargoan itunak jasotzen dituen zazpi neurri ausart horiek datorren agintaldian plantan ezartzeko», azaldu du mugimenduak, hala erronka ekologikoa kanpainaren erdigunean kokatzeko helburua nabarmenduz.
Era berean, 2014ko udal hauteskundeen karietara Herriko Etxeek hartu zituzten engaiamenduen obratzeari buruzko jarraipen bilana plazaratzeko asmoa du Bizik.
Hauteskunde erabakigarriak
Mugikortasun eztiak, energia berriztagarriak, elikadura biologikoa eta tokikoa, energiaren menperatzea, hondakinen kudeaketa, euskal monetaren garapena eta Klima Planaren garapena dira bere itun horretan elkarteak jaso dituen engaiamendu nagusiak.
Bizi!ren aburuz, datorren udaberriko hauteskundeen emaitzak erabakigarriak izanen dira, besteak beste «2020-2026 epea erabakigarria izanen delako beroketa klimatikoaren kontrako borrokaren ikuspegitik». Hori dela eta, mugimenduak bere esku diren medio guzien erabiltzeko xedea du, «ekologia hauteskunde hauetako gai bazterrezina izan dadin».