Larunbat eguerdian, «Gutun mezularia» izeneko ekitaldia antolatu du Gernikan Etxeratek. Aretoa jada betea delarik, kultur adierazpen ezberdinen bidez sakabanaketak istripuetan hildako 16 lagunak ekarriko dituzte gogora, ofizialki aitortuak ez direla salatuz.
Tragedia horietan islatzen da bereziki presoen senide eta lagunek jasaten duten zigorra, heriotz-zigorra bihurtu baitzitzaien. Espetxe politika honekin ahalik eta lasterren amaitzeko beharra nabarmenduko da, beraz, ekitaldian.
Hauetxek dira 1992tik hona sakabanetak espetxe bidean edo handik bueltan hil diren lagunak:
Rosa eta Arantza Amezaga: Koldo Amezaga presoaren arrebak ziren. Aranda de Dueron izandako ezbeharrean hil ziren, 1989. urtean, Madrilen eginiko epaiketatik bueltan zetozela. Hirugarren arreba bat larriki zauriturik gertatu zen.
Pilar Arsuaga eta Alfonso Isasi: Maribi Ramila presoaren ama eta laguna ziren. Leongo Pola de Sanabrian hil ziren, Ourensetik bueltan, 1990ean.
Antxoni Fernandez: Angel Figeroa presoaren amona Alcalá-Mecora zihoala zendu zen Aranda de Dueron, 75 urte zituela, 1997an.
Jose Mari Maruri: Langraizera zihoan, Lander Maruri semea bisitatzera, eta Barakaldon izan zuen ezbeharra, 1998an.
M.K.S: Txetxu Fernandez Perez de Nanclaresen laguna zen. Logroñotik etxera zetorren zoritxarreko istripua izan zuenean, 1999. urtean.
Iñaki Saez eta Asier Heriz: 2001ean Lurdes Txurruka bisitatzera zihoazen, Avilako Brievaruntz, baina ez ziren bizirik heldu. Beraiekin zen Irantzu Benito larriki zauritua izan zen.
Ruben Garate: Jose Antonio Fernandez presoaren laguna zen eta etxera zetorren, bera Alcalá-Mecon ikusi ondoren. 2002an gertatu zen.
Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi: Juankar Balerdi presoaren ama eta anaia. 2003. urtea zen eta Almeriarako bidean ari ziren. Biekin zihoan aita ere zauriturik gertatu zen.
Sara Fernandez: Aranda de Dueron zendu zen bera ere, 2003an. Valdemororuntz zihoan, zauri larriak izan zituen Izaskun Urkijorekin batera. Iñaki Etxebarria presoaren laguna zen.
Leo Esteban Nieto: Esteban Estebanen anaiak zauri oso larriak jasan zituen bera Puerto de Santa Marian bisitatu ostean etxera itzultzen ari zelarik, eta horien ondorioz hil zen urte batzuk geroago (2003an hain zuzen ere).
Karmele Solaguren: Ekain Gerra presoaren ama, Sorian izan zuen ezbeharra, Alcalá-Mecorako bidean. Aitak ere zauri larriak izan zituen. 2004an gertatu zen.
Natividad Junko: Gasteizko Txagorritxuko erietxean hil zen, alabaren mutilaguna Unai Gonzalez ikustera zihoala istripua izan ostean, 2007ko Gabonetan.