Orreaga fundazioak urtero ematen duen saria 95 urteko Joxe Ulibarrena eskultore, zeramikari eta Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoaren sortzaileari eman dio «bere bizitzan zehar Nafarroaren nortasuna eta idiosinkrasia defendatzeagatik nabarmendu den pertsona» izateagatik. Saria gaur goizean Artetako Museo Etnografikoan jaso duen arren, datozen egunetan omenaldiarekin jarraituko dute.
Izan ere, abenduaren 2an 19.00etan Angel Sanchez Garroren ‘Esculpiendo la Historia, Joxe Ulibarrena’ dokumentala proiektatuko dute Iruñeko Kondestable jauregian. Hurrengo egunean, berriz, fundazioak ospakizuna kalera eramango du. 11.45ean Nafarroaren defentsan eta identitatean jardun diren guztiei aurreskua eta lore eskaintza egingo diete.
Ondoren joaldunak, txistulariak, dantzariak eta trikitilariak kalejiran abiatuko dira Alde Zaharreko hainbat kaletatik, Gaztelu Plazara iritsi arte. Bertan, 13.00etan, ekitaldia egingo dute eta Ulibarrenak berak idatzitako mezua irakurriko dute.
Ekitaldian zehar Mariscal Pedro de Nabarra saria banatuko diote Euskaltzaindiari bere mendeurrenean, «euskara zaintzeko egindako lanagatik», eta Leringo Kondea saria UGT sindikatuari «Nafarroako euskal kulturaren aurkako jarrera politiko etengabeengatik». Ospakizuna herri bazkari batekin amaituko dute, 15.00etan Arrano Elkartean.