Oreka TX taldeak bere laugarren diskoa kaleratu du, ‘Koklea’ deiturikoa. Fibonacciren kiribila oinarrian izan dute hau sortzerakoan, gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean esan dutenez. Izan ere, sekuentzia matematiko hori osatzen da aurreko bi zenbakiak gehituz, eta ‘Koklea’-n ere halako zerbait egin dute, aurreko bi diskoetan, ‘Silex’ eta ‘Nomadak’, aurkitzen diren elementuak batu dituztelako. Alde batetik, ‘Silex’-en bezala armonia melodikoaren bila aritu dira eta, bestetik, ‘Nomadak’-en bezala, kanpoko lagunen parte hartzea izan dute.
Era berean, koklea belarriko hezur bat da, kiribil itxura duena eta entzutea ahalbidetzen diguna, alegia, metafora horrekin adierazi nahi dutena da kiribil horrek bihurtzen duela ttakuna musika.
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartan, Mixel Ducau airezko musika tresnekin, Iñigo Egia perkusioarekin eta Juanjo Otxandorena bouzoukia eta baxuarekin osatzen dute Oreka TX. Taldea duela 22 urte abiatu bazen ere, 12 urte dira boskote bezala pausoak ematen hasi zirela eta oraingo diskoa formatu horretan defendatu nahi dute.
Hala, diskoaren grabaketan aurreko lanetan kolaboratzaile izan dituzten musikarien laguntza izan badute ere, zuzenekoetan beraiek bakarrik aritzeko intentzioa dute. Beraiez gain diskoan parte hartu duten musikariak Thierry Biscary (Euskal Herria), Aziza Brahim (Mendebaldeko Sahara), Monica de Nut (Galiza), San Salvador (Okzitania) eta Emi Toko (Japonia) izan dira, eta bakoitzak bere hizkuntzan kantatu du, lengoaien musikotasuna bilatu dutelako hitzen osotasun bat baino.
«Denbora bat kontzertuetan murgilduta egon gara, baina sortzeko beharra sartu zitzaigun une batean. Harrizko txalapartatik abiatu gara. Kasu batzuetan ehundura erritmikoak daudela dirudiena musika atsegin bilakatzen da. Oreka TX-en musika izaten jarraitzen du, non musika tresna bakoitzak bere ekarpena egiten duen», azaldu du Mikel Ugartek.
Txalapartan kide duen Harkaitz Martinez de San Vicentek kontatu duenez, adibidez, ‘Amusia’ kanta «kaosean hasten da eta ordenean amaitzen da. Hasiera batean entzuleak zer entzuten ari den ez daki: euria, idazteko makinak… metronomo pila bat dira, pixkanaka sinkronizatzen direnak. Txalaparta horretan datza», argitu du.