NAIZ
Altsasu

Palestinarekin elkartasuna berretsi dute Arbizu eta Zestoako alkateek

Palestinarekin elkartasun eguna ospatzen da gaur ere (dena ez da Black Friday) eta herrialde horrekin senideturiko Zestoa eta Arbizuko alkateek bat egin dute aldarrikapen horrekin. BDZ kanpainari sostengua berretsi eta Beasaingo CAF enpresari legez kanpoko Jerusalemgo tranbiaren obren lanak uzteko eskatu diote.

Arbizu eta Zestoako alkateak Altsasun egin duten ekitaldian.
Arbizu eta Zestoako alkateak Altsasun egin duten ekitaldian.

«Arbizuko eta Zestoako herrien ordezkari garen alkateek, gaurko egunarekin azaroak 29, Palestinaren aldeko nazioarteko elkartasun egunean, lehenik eta behin besarkada beroa helarazi nahi diogu herri palestinar guziari eta bereziki, gurekin, Arbizu eta Zestoarekin senideturik eta herri kideturik dauden Palestinako Marda eta Bir Zeit-eko herritarrei», azaldu dute.

2005ean senidetu zen Arbizu Marda herriarekin eta gauza bera egin zuen Zestoak 2009an Bir-Zeitekin.

«Urte hauetan guzietan, Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka ezartzen duen apartheid-a okerrera baino ez du egin. Lurren lapurretak etengabe handitzen eta bizkortzen doaz, israeldarren legez kanpoko kokaguneak hazitzen doaz egunetik egunera eta Israelgo Estatuaren inpunitatea ukigabe jarraitzen du», gaineratu dute.

«Egoera lazgarri honen aurrean, herri palestinarrak 2005ean nazioarteko komunitateari eskatu zion okupazioarekin aberasten diren Israelgo Estatua eta nazioarteko enpresak boikoteatu, desinbertitu eta zigortu (BDZ) ditzala, ahalik eta palestinarren giza eskubideak errespetatu arte: okupazioarekin amaituz, eskubide berdintasuna ziurtatuz eta palestinar errefuxiatuen itzulera baimenduz», aldarrikatu dute.

«Goierriko CAF enpresari dei berezia egiten diogu Okupaturiko Ekialdeko Jerusalem eta Zisjordaniako legez kanpoko koloniak lotuko lituzkeen tranbia eraikitzeko eskuratu duen kontratua bertan behera utz dezan. Nazioarteko legedia urratzen duen legez kanpoko proiektu honek CAF enpresa pixka bat gehiago aberastu lezake, baina dudarik gabe, herri bezala pobretuko gaitu», eskatu dute.

Honez gain, aurreskua dantzatu zaio Palestinaren omenez landaturiko olibondoari eta Altsasuko Iortia Plazan paraturik dagoen tren makina eta olibondoa giza-kate batez lotu dute.