2024an Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetako surf lehiaketa Tahitin egingo da, bertako Teahupoo olatu ezagunean. Halaxe erabaki du gaur Jokoetako antolakuntza batzordeak.
Horrek esan nahi du azkenean Biarritz, hautagaien artean zegoen Euskal Herriko egoitza –besteak Lacanau, Hossegor eta La Torche ziren–, aukerarik gabe gelditzen dela Olinpiar Jokoak hartzeko.
Batzordeak azkenean Tahitiko Teahupoo olatu famatuaren kalitatea eta ikusgarritasuna hobetsi ditu, nahiz eta Parisetik 15.000 kilometrora dagoen irla bat izan. Beste hautagaiek, Biarritz tartean, gertutasuna zuten alde –Hossegor zen olatuari begira beste hautagai indartsuena–, baina ez da nahikoa izan aukeratua izateko.
Teahupook, hala ere, baditu bere arriskuak, arrezifean lehertzen den olatu bortitz eta indartsua delako, eta edonork ezin duelako bertan surf egin. Emakumezkoen mundu mailako zirkuituak, adibidez, ez du txapelketarik antolatzen bertan, eta Olinpiar Joko batzuetan tradizio handirik gabeko hainbat herrialdek parte hartu nahiko dutela jakinda, zenbait surflariren maila agian ez da egokiena izango halako olatu batean sartzeko.
Antolakuntza batzordetik azaldu dutenez, emakumezkoen txandak olatuak indar gutxixeago duen orduetan jartzen saiatuko dira, eta egutegia ere kontuan izango omen dute surflariek Pariseko itxiera ekitaldian parte hartu ahal izan dezaten.
Erabakia Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu behar du datorren urtarrilaren 8an, baina ez dirudi urrats horrek inolako arazorik suposatuko duenik.