NAIZ
IRUÑEA

Urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdiarekin bat egin du mugimendu feministak

Martxoaren 8ko greban mahaigaineratutako planteamenduak «lanaren kontzeptu klasikotik» harago «bizitzako eremu guztietara» zabaltzen direla aintzat hartuta, urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin du mugimendu feministak eta aldarrikapen horiek bere egin ditzatela eskatu diete gutun sozialaren parte diren sindikatu eta eragileei. 

Mugimendu feministak agerraldia egin du Bilbon grebari atxikimendua adierazteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Mugimendu feministak agerraldia egin du Bilbon grebari atxikimendua adierazteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, ohar bidez, jakinarazi du hilaren 14an egindako asanbladan erabaki zuela urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorrarekin bat egitea. 

Gogoratu dutenez, Eskubide Sozialen Kartak deitu du greba, pentsiodunen mugimenduaren eskakizunari erantzunez, haien aldarrietatik harago joateko asmoa adierazita. 

Mugimendu feministak, azaldu dutenez, «bizitzak erdigunean» jarri nahi ditu, «indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzaren hierarkiari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko». Aldarri horiek guztiak mugimenduaren «borroken parte» izan dira eta, horregatik, greba orokorrarekin bat egitea «beharrezkoa» dela uste dute. 

Aldarrikapenak

Martxoaren 8ko greba feministaren planteamenduak «bitzitzako eremu guztietara» zabaltzen direla gogoratu dute, «lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz». «Gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da», gaineratu dute. 

Hortaz, azken greba feministetako irakaspenetan oinarrituta, zehaztu dute honakoak direla beraien aldarrikapenak: «bizitza prekariorik ez; indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak; eta arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzak. Kolonialismoaren aurrean gure gorputza, lurraldea eta lurra defenda ditzagun». 

Gutun soziala osatzen duten eragileei aldarri horiekin bat egiteko eskatu diete. 

Era berean, hainbat kontu adostu zituzten aipatu asanbladan: urtarrilaren 18an Euskal Herriko herri eta hirietan greba deialdiarekin bat egiteko ekintzak egitea, greba feministaren aldarrikapenak ikusaraztea, greba-batzordeetan parte hatzea, urtarrilaren 30ean besoko morea erabiltzea eta eremu sinbolikoak sortzea greban egon ezin diren emakume guztiengatik (etxeko langileak, presoak, zaintza lanak egiten egongo direnak, eraildakoak...). 

Greba antolatzeko prozesuari arreta jarri eta hura zaintzeko denbora gutxi dagoela jakitun, uste dute beraien presentzia «beharrezkoa» dela «mahai gainean ditugun borrokak elikatzeko». Hala, mugimendu feministaren indarra erakutsi nahi dute berriz ere.