Naiz

Fiskaltzak bortxaketa eta sexu erasoa egiteaz akusatu du Harvey Weinstein

80 emakume inguruk Weinsteinen kontrako salaketak jarri badituzte ere, bi emakumeren kontrako sexu erasoak epaitzen ari dira New Yorken. Lekuko bezala haren kontra agertu diren hainbat emakume deitu ditu Fiskaltzak, zinema-ekoizleari emakume bat bortxatu izana eta beste bati sexu erasoa egin izana leporatu dion.

Bizkarreko gaitz bat dela eta, Weinstein ibiltzeko laguntzarekin iritsi da epaitegira. (Johannes EISELE / AFP)
Bizkarreko gaitz bat dela eta, Weinstein ibiltzeko laguntzarekin iritsi da epaitegira. (Johannes EISELE / AFP)

Harvey Weinstein zinema ekoizlearen epaiketa hasi da gaur New Yorken. Emakume askoren kontrako sexu erasoak leporatzen dizkiote eta, beraz, honakoa #MeToo mugimenduarentzat hitzordu erabakigarria da. Izan ere, haren kontrako salaketekin hartu baitzuen indarra mugimendu feministak, gerora zinema industriako bestelako gizonen jarrera sexistak agerian utzi zituena.

«Uste dugu frogek erakusten digutela akusatuak bere boterea eta eragina erabili zituela biktimengana iristeko eta, ondoren, haien aurkako indarkeriazko delituak egiteko», esan du Jackie Laceyk fiskalak epaiketaren osteko prentsaurrekoan. Fiskaltzaren arabera, 2013ko otsailaren 18an Weinsteinek emakume bat bortxatu zuen Los Angelesko hotel batean, bere gelan sartzera behartu ondoren.

Hurrengo gauean, akusazioak uste duenez, produktoreak beste emakume bati eraso sexuala egin zion Beverly Hillseko hotel bateko gela batean, Los Angelesen.

Fiskaltzak 5 milioi dolarreko fidantza ezartzea gomendatu du, eta zehaztu duenez, kargu guztietatik kondenatuko balute, ekoizleak 28 urtera arteko kartzela zigorra izan lezakeela.

80 emakume

Nahiz eta gaurkoan bi emakumeren aurako erasoengatik epaitu duten Weinstein, ‘New York Times’ egunkariak 2017an eskandaluaren berri eman ostean 80 emakume inguruk ekoizlearen kontrako adierazpenak egin dituzte. Hamarka emakumek salaketa jarri badute ere, bi emakumeren kontrako sexu erasoak epaituko dituzte oraingoan.

Beste lau emakumek, tartean ‘The Sopranos’ telesaileko aktore den Annabella Sciorrak, lekuko bezala deklaratuko dute datozen asteetan. Adierazpen horiei esker Fiskaltza Weinsteinen jokabidean patroi bat bilatzen saiatuko da.  

Defentsak, berriz, lekukotza horiek gezurra direla frogatzen saiatuko da. Ekoizlearen abokatu Donna Rotunnok esan zuen Weinstein eta emakume horiek «harreman bat izan zutela» frogatu dezakeela.

Weinstein 9.05ean (15.05 Euskal Herrian) iritsi da epaitegira eta bertan zai zuen emakume talde bat biktimentzako justizia eskatuz. Bihar epaiketak jarraituko duenez, aurreikusita dago auzitegi atarian hainbat aktorek manifestu bat irakurtzea. «Gaur hemen, epaitegian, izatea jada garaipen bat da», esan du  Equality Now talde feministako kide den Alejandra Jimenezek.