2020ko lehen astean, lau izan dira gutxienez Euskal Herrian lanean hildako langileak. LAB sindikatuak azaldu duenez, urtarrilaren 2an 55 urteko J.T.P. hil zen Gasteizen, eraikuntzan, altueratik erorita. Egun berean, langile bat hil zen Jutsin (Nafarroa Beherea), gainera fardo bat erorita. Urtarrilaren 4an, Bilbon abenduaren 28an in itinere istripu batean larri zauritutako langilea hil zen. Zerrendako laugarrena ere urtarrilaren 4an izan zen, Bilboko El Corte Ingle saltokian. 47 urteko P.G.F. langilea gaueko 21.30ean izandako istripu ez traumatiko batean hil zen.
Ohar batean LABek adierazi duen bezala, «bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez dira kasualitatea». «Jakina da horrelako gertaerak lan eta sektore zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen pean, lanean jasotzen diren presioak, estresa, bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla, eta gehienetan, oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek ere eragindakoak dira. Gainera dagoeneko istripu ez traumatikoak, iktusak... bilakatu dira lan istripu hilgarrien lehenbiziko arrazoiak», gaineratu du sindikatuak.
«Lan istripu guztien atzetik lan baldintzak daude. Erritmo azkarrek edo presioak gaixotasun ezberdinak sorrarazten dituzte, eta hainbatetan, heriotzera eraman. Kasu zehatz honetan, hain zuzen, oso agerikoa izan da hau: istripua luzatutako lanaldi batean gertatu da, lan zentroa dagoeneko itxita zegoen eta hurrengo lan egunean hasi behar zuten beherapenetarako denda prestatzen. Istripua lan karga handiko une batean eman zen, presiopean, eta hainbat lankidek larrialdietara joateko eskatu bazioten ere, zuen lan karga zela eta erabaki zuen bertan geratzea», nabarmendu du.
«LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, indibidual, familiar eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu batean», ohartarazi du.