NAIZ
DONOSTIA

Xua eta bere gurasoak etxera ekar ditzatela aldarrikatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Xua haurra eta bere gurasoak ez banatzeko aldarrikatzen duen mozioa onartu dute, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosen botoekin. Eskaera Espetxe Zuzendaritzari, Zaintzako Epaileari eta espainiar Barne Ministerioari bidaliko diote.

Xua Gurasoekin Etxera plataformako eta Sareko ordezkariak Batzar Nagusietan izan dira. (@sare_herritarra)
Xua Gurasoekin Etxera plataformako eta Sareko ordezkariak Batzar Nagusietan izan dira. (@sare_herritarra)

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Xua Gurasoekin Etxera ekimenak eta Sarek aurkeztutako mozioa onartu dute, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemosen botoekin. Testuan gogora ekartzen dutenez, Xua bere ama Olatz Lasagabasterrekin bizi da Picassenteko kartzelan eta espetxe berean dagoen Patxi Uranga aitarekin elkartzeko aukera izaten du noizbehinka. Urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu eta, espainiar legeak agintzen duenez, gurasoengandik bananduko dute eta Usurbilera joango da bizitzera, amonarekin. Gurasoak ikusi ahal izateko 600 kilometroko joaneko bidaia egin beharko du, eta beste hainbeste itzultzeko.

Xuaren gurasoek hamar urte bete dituzte preso dagoeneko, ezarri zieten hamabi urteko zigorraren hiru laurdenak baino gehiago. Mozioan nabarmentzen denez, «Espainiako legedia arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute».

«Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta eta Xua gurasoekin batera, etxera ekar ditzatela».

Sinatzaleen ustez, «justiziagatik, gurasoengandik ez lituzkete banatu beharko, baina baita elkarbizitzaren mesedetan ere».

Horregatik, zera eskatzen diete «dagokien autoritateei: behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz».

Batzar Nagusiek konpromisoa hartu dute erabaki horren berri «urgentziaz» ematea Espetxe Zuzendaritzari, Espetxeetako Zaintzako Epaileari eta espainiar Barne Ministerioari.