naiz

«Presoen auziaren konponbidea bultzatzeko» Bilbo eta Baionara joateko deia egin du EH Bilduk

Madrilen PSOE eta Podemosen artean eratu den gobernu berriarekin «aukera-leiho bat» irekitzen dela uste du EH Bilduk eta, zentzu horretan, Bilboko kaleetatik «bultzatzeko» deia egin die koalizioak euskal herritarrei. Era berean, Baionako deialdiarekin ere bat eginez, euskal presoen gaia konpontzeko «erantzukizunez» jokatzeko deia egin dio frantziar Gobernuari.

EH Bilduren ordezkariak Bilboko kaleetan izanen dira larunbatean. (Jon URBE / FOKU)
EH Bilduren ordezkariak Bilboko kaleetan izanen dira larunbatean. (Jon URBE / FOKU)

EH Bilduk bat egiten du presoen eskubideen urraketekin amaitzea exijitzeko larunbaterako Sarek Bilbon eta Baionan deitutako manifestazioekin. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ordezkaritza zabala izango da Bilboko kaleetan. Besteak beste, bertan izango dira Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte Gasteizko parlamentuko bozeramailea, Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentuko bozeramailea eta Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailea.

«Euskal presoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketekin behingoz amaitzeko eta beraien etxeratzearen auziaren konponbiderako unea» dela azpimarratu du koalizio subiranistak. Zentzu horretan, «sakabanaketa politikarekin eta mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin amaitu beharra dagoela» berretsi dute.

Hala, 2020 urtea «indarrean dagoen legedia ezarri» eta «salbuespen neurri guztiekin amaitzeko» unea dela nabarmendu nahi izan dute. «Oraindik ere gaixotasun larriak dituzten presoak egotea, zigorraren hiru laurdenak dituzten presoak espetxeratuta izatea eta senitartekoei ehunka kilometro egitera behartzea zentzugabekeria da».

Madrilen PSOE eta Podemosen artean eratu den gobernu berriarekin «aukera-leiho bat» irekitzen dela uste du EH Bilduk, «presoen auziari konponbide emateko ere bai». Bide horretan, «presoen auzia behingoz konpontzeko Madrilen irekitzen den aukera-leihoa indartzeko Bilboko kaleak betetzeko deia» egin die koalizioak euskal herritarrei. Era berean, euskal presoen gaia konpontzeko «erantzukizunez» jokatzeko deia egin dio frantziar Gobernuari.

Sortu: «Egoera ez da berez konponduko»

Sortuk ere beretaratzeko deia egin du. «Olatua sortu eta denon artean mugitu behar dugu, egoera astintzeko, Parisko eta Madrilgo agintariak behingoz mugiarazteko eta salbuespeneko egoera anker hau betiko amaitzeko, gure herriak behingoz bake eta askatasun agertoki bat eraiki dezan», adierazi dute ohar baten bidez.

Ez dira oso itxaropentsu agertu espainiar Gobernuarekin «jendartearen eta eragileen bulkadarik ezean». «Horregatik da garrantzitsua asteburuan kaleak betetzea, eratu berri den Gobernuak presoak etxera bidean jarriko dituen egitasmoari behingoz hel diezaion».