Iñaki ALTUNA
DONOSTIA

Izen dantza gailendu da gobernua osatzeko Sanchezen agendan

Espainiako erregeari jakinarazi zion atzo Pedro Sanchezek Gobernuaren osaera. Hasiera batean, koalizio gobernua epe laburrean osatuko zela eta lehen bilera joan den ostiralean egingo zuela iragarri zen, neurri asko hartu behar omen zirelako. Azkenean, ordea, ministroen izen dantza gailendu da. Lehen bilera asteartean izango dute.

Kargua hartu eta hurrengo egunean, 2004ko apirilaren 19an, hartu zuen bere lehen neurri esanguratsua Jose Luis Rodriguez Zapaterok: indar armatu espainolak Iraketik aterako zituen berehala. Gehiengo zabala lortu zuen martxoko hauteskundeetan eta neurri ikusgarri horrekin hasi zuen bidea Zapaterok. Inbestidura lortu ostean, Pedro Sanchezek neurri sozialak hartzeko gobernua lehenbailehen osatuko zuela iragarri zuten hainbat iturrik. Alabaina, azken egunotan, ministro berriak nortzuk izango ote ziren jakiteak izan du arreta osoa.

Gobernuaren osaketa ez da besteetan bezain erraza izan; izan ere, 78ko erregimena indarrean sartu zenetik, Estatu espainolean ez da orain arte koalizio gobernurik izan. Bi indarren artean ados jarri behar izateak –Juntas Podemos-ek alderdi eta tendentzia ezberdinak biltzen ditu, gainera– ondorioak izan ditu; 23 kide izango ditu Gobernu berriak, presidentea barne, eta lau presidenteorde izango ditu ondoan Sanchezek.

Atzo itxi zuen prozedura PSOEko buruak, Felipe VII.ari Gobernuaren osaeraren berri emanez eta segidan, hedabideen aurrean, adierazpen instituzional bat eginez. Koalizio formulak sor ditzakeen zalantzei erantzuteko gogoz, gobernuburuak esan zuen «batasuna» izango dela nagusi, eta «ahots ezberdinak» egon arren «hitz bakarra» izango dutela.

Exekutiboak «elkarrizketa, elkar ulertzea eta familia politiko ezberdinen arteko elkarbizitza» izango dituela oinarri gaineratu zuen. «Ekintzarako gobernua» izango dela eta legealdia «elkarrizketa sozialarena» izango dela adierazi nahi izan zuen.

Espainiako erregearekin elkartu ondoren egindako adierazpenean, gobernua parekidea izango dela nabarmendu zuen presidenteak, 12 gizonek eta 11 emakumek osatuko baitute.

Pablo Iglesiasekin batera, hiru emakume izango dira presidenteorde, hirurak PSOEren eskutik: Carmen Calvo, presidenteorde politikoa; Nadia Calviño, presidenteorde ekonomikoa, eta Teresa Ribera, trantsizio ekologikorako eta erronka demografikorako presidenteordea. Beste zortzi emakume izango dira ministro, eta beste hamar ministro gizonezkoak izango dira. Horiek denak Sanchez presidentearen agindupean, azken hilabeteotan Pablo Iglesiasek egin diezaiokeen itzalari buruzko iritzi asko izan bada ere.

Bihar egingo dute ministroek karguaren zina eta asteartean izango dute lehen bilera.

Vox-en kontzentrazioak

Inbestidura lortzeko Sanchezek egindako akordioengatik protesta egiteko Vox-ek “España existe” lemapean elkarretaratzeak egin zituen atzo Estatu osoan. 100.000 lagunek hartu zutela parte zabaldu zuen Vox-ek, baina datu horrek ez du fidagarritasun handirik. Adibidez, Madrilen 15.000 lagun elkartu zirela ziurtatu zuen Abascalen alderdiak, baina Madrilgo Udaltzaingoak 4.000ko zifra eman zuen. Alde handiegia.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere deituak zituzten kontzentrazioak. Eskasa benetan parte-hartzea. Lau kontzentrazioak gehituta ez ziren 200 pertsona batzera iritsi. Poliziak babestuta elkartu ziren, eta hainbat oinezkok haserrea adierazi zieten. Iruñean ehun bat pertsonaz osaturiko talde antifaxista batek protesta egin zuen ultraeskuindarren aurrean.

 

Otegi: «Euskal agendak aurrera egitea izango da gure zeregina»

Espainiak jasaten duen «krisi larriari» aurre egiteko aurreikus zitekeen PPren eta PSOEren Estatu ituna gauzatu ez denez, koalizio Gobernuak zabaldutako parentesiak «aukera leiho» bat ekarri duela uste du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Halere, lehentasuna beste nonbait kokatzen du: «Euskal agenda nazionalak eta sozialak aurrera egitea izango da gure zeregina. Proposamenak aurkeztuta, lan instituzionala eginda eta masa mobilizazioaren bitartez gauzatuko dugu zeregin hori».

Bere blogean idatzi berri du Otegik sortutako egoerari buruz duen azterketa. Bertan, datorren aroan hiru «pultsu edo eztabaida» nagusi izango direla iragartzen du. Estaturik gabeko nazioei eta erabakitzeko eskubideari «Konstituzioak ezartzen dizkien mugen inguruko eztabaida» da lehena. «Finantza krisiaren aitzakian egindako murrizketa sozial guztiekin amaitu behar dela eta murrizketa horiek oraindik eta handiagoak izan behar direla defendatzen dutenen arteko eztabaida eta pultsu politiko eta soziala» da bigarrena. Hirugarrena, bere aburuz, «gure herrian behingoz elkarbizitza eta bakea egonkortzeko eta ziklo bat ixteko eztabaida eta pultsu politikoa», bereziki presoen egoerari dagokionez. Eta laugarren pultsua «elkarbizitza demokrazian oinarrituta eraiki nahi dugunon eta umiliazioan eta mendekuan oinarrituta egin nahi dutenen» artekoan kokatzen du.GARA