Ane URKIRI
Gasteiz

PSOE eta Unidas Podemosen akordioa «desengainua» da pentsiodunentzat

Hego Euskal Herriko pentsiodunek bilera nazionala egin dute Gasteizen eta bertan ondorioztatu dute Gobernu espainolaren osaketan PSOEk eta Unidas Podemosek sinaturiko akordioak bertan behera utzi duela beraien «itxaropena». Estatu espainoleko Gobernu berriak gauzak aldatu ditzan «mobilizazioekin jarraitu» beharra dagoela adierazi dute.

Laudioko pentsiodunen elkarretaratzea, mobilizazioen bigarren urteurrenean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Laudioko pentsiodunen elkarretaratzea, mobilizazioen bigarren urteurrenean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Urtarrilaren 30eko greba orokorrerako hamalau egun falta diren honetan, bilera nazionala egin dute Gasteizen Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformek. Egun horretara begira jarri dira, funtsezko ikusten baitute «mobilizazio indartsu» bat instituzioak estutzeko. Hala adierazi dio NAIZi Jon Fanok, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak. Lau hiriburuetan eguerdian mobilizatuko dira pentsiodunak.

Bestalde, ostegun honetako bilerako gai ordenean puntu garrantzitsu bat izan da Gobernu espainolaren osaketan PSOEk eta Unidas Podemosek sinaturiko akordioa baloratzea, pentsioen alorrean zentratuz. Fanok adierazi du «itxaropen oro bertan behera» geratu direla. «Adostu dituzten neurriak desengainuak dira guretzat», gehitu du, balorazio honek erabateko adostasuna izan duela ziurtatuz.

Estatu espainoleko «Gobernu berri honek zerbait aldatzea nahi baldin badugu, erabaki dugu mobilizazioekin jarraitu behar dugula».

«Ez daukagu beste erremediorik»

Aste honetan bi urte bete dira pentsiodunak aurrenekoz kalera irten zirenetik. Ordutik gauza gutxi hobetu direlakoan da Fano, «baina lortu dugun apurra mobilizazioen eraginez izan da. Orain, ez daukagu beste erremediorik, jarraitu beharra daukagu».

Nafarroako Legebiltzarreko talde guztiekin bildu dira eta Gasteizkoaren kasuan, hurrengo astean bukatuko dute erronda, PSOErekin. «Orotara, ez dugu balorazio positiboa egiten; batez ere, Gasteizkoari dagokionez», dio Fanok. Hala ere, adierazi du hurrengo egunetan azalpen luzeago bat eskainiko dutela, ostegun honetako bileran ez baitute izan denbora gehiegirik honetaz hitz egiteko.

Aurreratu du hurrengo asteartean, hilak 21, prentsaurreko «masibo» bat emango dutela Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendu ezberdinek. Era berean, urtarrilaren 30eko grebari begira hainbat ekintzarekin burubelarri daudela ziurtatu du: «Herriz herri mugitzen gabiltza greba orokorra sozializatu eta honen beharraz ohartarazteko». Bezperan, kazerolada bat iragarri dute lau hiriburuetan, 20.30etik 21.00etara.