NAIZ

Etxebizitza turistikoei buruz ponentzia bat sortzea eta baimenik ez ematea eskatu du EH Bilduk

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako etxebizitza turistikoei buruzko ordenantza bertan behera utzi ondoren, EH Bilduk ponentzia bat sortzeko eta pisu turistikoetarako baimen gehiago ez emateko eskatu du.

Etxebizitza turistikoei buruzko ordenantza onartu zen plenoan protesta egin zuten bizilagunek. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Etxebizitza turistikoei buruzko ordenantza onartu zen plenoan protesta egin zuten bizilagunek. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak agerraldia egin du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako etxebizitza turistikoei buruzko ordenantza bertan behera utzi duela eta indar abertzalearen balorazioa egiteko. Epai horren ondoren «pisu turistikoen krisia» areagotu egin dela ondorioztatu du, eta sortu den egoera «oso konplikatua» dela eta ez dela epe motzean konponduko ohartarazi du.

«Hasierako puntura itzultzeko garaia dela uste dugu, Plan Orokorraren seguratasun juridikora itzultzeko garaia. Modu kolokialean esanda, lehen solairuaren araura itzultzeko garaia da», aldarrikatu du.

Gogoratu du Donostian bazegoela 90. hamarkadatik arau bat –lehen solairuarena–, «benetan eredugarria» EH Bilduren iritziz, baina «pisu turistikoen booma iritsi zenean, 2015-16an, ez zen behar bezala aplikatzen».

Orduan, gehitu du, Plan Orokorra (PG) betearazteko «neurri berriak hartu beharrean», pisu turistikoak arautzeko ordenantza berria aurkeztu zuen Eneko Goia alkateak.

Burutaranek oroitu du EH Bilduk «ibilbide oso laburra» iragarri ziola ordenantza hari «eragingo zituen prozesu juridiko ugariengatik», eta Goiari ohartarazi zioten arren «ordenantza batekin ezin direla hirigintza erabilerak arautu eta ezin duela Plan Orokorraren kontra joan», alkateak aurrera egin zuen.

Orain, azaldu du, etxebizitza turistikoen ordenantzaren aurkako epaiak iristen hasi dira, «batzuk Plan Orokorra ez betetzeagatik», eta atzokoa «hirigintzaren legezkotasuna ez betetzeagatik». Denbora honetan, gainera, Udalari arrazoia ematen dioten dozenaka epai ere iritsi dira, «solik Plan Orokorra betetzen duenean».

EH Bilduko zinegotziak nabarmendu duenez, bi urte hauetan «gutxi batzuek asko irabazi dute Plan Orokorraren arabera legez kanpokoak izan beharko liratekeen etxebizitza turistikoekin», eta «alokairuen prezioa etengabe igo dela».

Horregatik, indar abertzalearen ustez «ordenantza kaxoi batean sartu eta abiapuntura itzultzeko unea» iritsi da. Etxebizitza turistikoen krisiaz ponentzia bat eratzea eskatu du, «pisu turistikoen booma iritsi zirenetik Donostian sortu den egoera aztertu eta zein egoera juridikotan gauden ere sakon aztertzeko». Azken helburua etxebizitza turistikoak «behar bezala arautzea» izango litzateke, «Donostiako herritarren interesak eztabaidaren erdigunean jarriz».

Gainera, etxebizitza turistiko berrietarako baimen gehiago ez ematea proposatu du Burutaranek.