Iruñerriko mugimendu feministak, Euskal Herrikoaren deialdiarekin bat eginez, ekintza bat egin du urtarrilaren 30eko greba orokorrera deitzeko. Zara dendaren aurrean egin dute ekintza.
Nafar hiriburuan egindako ekimenaren bitartez «arropa kate handien esplotazioa eta prekarietatea» nabarmendu nahi izan duituzte. «Zuzenean eragiten die emakumeei, batez ere hegoaldeko herrialdeetan arropa egiten ari diren emakumeei, baina baita ere horretako dendetako langileei eta, oro har, emakume guztiei, publizitatean objetu bihurtzen gaituztelako», gehitu dute ohar baten bidez.
Horrela, «pentsio, lan eta bizitza duin baten alde borrokatzen jarraitzeko» konpromisoa hartu dute eta, bide horretan, urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartuko dute. Modu berean «emakume feminista guztiei» dei egiten diete grebarekin bat egin dezaten.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak abenduaren 14an egindako asanbladan erabaki zuen grebarekin bat egitea.
Mugimendu feministak, azaldu zuenez, «bizitzak erdigunean» jarri nahi ditu, «indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzaren hierarkiari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko». Aldarri horiek guztiak mugimenduaren «borroken parte» izan dira eta, horregatik, greba orokorrarekin bat egitea «beharrezkoa» dela uste dute.