NAIZ

Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala Erripagainako auzotarrekin bilduko dira

EH Bilduk eskaera egin ondoren, Nafarroako Gobernuako eta Iruñeko Udaleko agintariak Erripagainako auzotarrekin bilduko dira, auzoaren hegoaldeann etxebizitza bloke bat eraikitzeko egitasmoaren gainean hitz egiteko.

Erripagaina auzoa. (EH BILDU)
Erripagaina auzoa. (EH BILDU)

Iruñeko Udalean EH Bilduren udal taldeak eskatuta (joan den urtarrilaren 8ko Hirigintza Batzordean onartutako adierazpena), Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria Iruñeko Udaletxera joango da bihar, Udalarekin, Erripagainako bizilagunen elkartearekin eta Belosoko Erriparen Plataformarekin lau aldeko lan bilera egiteko. Hitzordu honen helburua auzoaren hegoaldeko Ripan proiektatutako bi bloketan babes ofizialeko 191 etxebizitza alokairu-erregimenean eraikitzeko proiektuaren inguruan irekitako auzia desblokeatzen saiatzea da.

Auzotarrek eremu hori berdegune gisa mantentzea eta proiektua beste lursail batera eramatea eskatzen dute. Gobernuak, bere aldetik, hasierako proiektuaren bolumetria erdira murriztea onartu du (lau bloke eta ia 400 etxebizitza) eta Enrique Mayaren taldeari ordezko kokapen proposamena eskatu dio. Eskuineko hirukoak zuzkidura-lursail batera eramatea proposatu zuen, eta neurri hori gogor kritikatu dute eskola-, kirol- edo kultura-zuzkidurak eskatzen dituzten auzotarrek. Gauzak horrela, eta EH Bilduk eskatuta, behin betiko konponbide baten bila jarrerak hurbiltzen saiatuko dira biharko bileran.

EH Bilduk dio «premiazkoa» dela auzoan babes ofizialeko alokairuzko etxebizitzen beharra, eta Enrique Mayak bultzatu dituen «proposamen txarren» aurrean (2004an hirigintza zuzendari gisa eta 2019an alkate gisa), «lehentasunezkoa dela egoera desblokeatzea, alde guztiei entzunez».

«Egoera hau konpontzeko benetako premia dago, etxebizitza behar duten pertsonei mesede egin diezaien eta, nolanahi ere, auzoaren hiri-kalitaterik handiena gorde dadin», esan du EH Bilduk. Egoera hori ikusita, hirigintzako hitzordu horren ostean, «lderdiak entzun ondoren, Udalak etxebizitza sozialen eraikuntzen proiektuarekin jarraitzearen inguruan gure jarrera lehenbailehen erabakitzea» nahi du koalizioak.