NAIZ

1.500 enpresa batzorde inguruk grebarekin bat egin dutela iragarri du Eskubideen Kartak

EAE eta Nafarroako 1.500 enpresa batzordek onartu dute euren lantokietan urtarrilaren 30ean «lan, pentsio eta bizitza duinen alde» deitutako greba orokorra babestea, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek astelehen honetan Bilbon jakitera eman dutenez. Ehundik gora mobilizazio antolatu dituzte.

Eukal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariak gaur Bilbon egin duten agerraldian.(Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Eukal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariak gaur Bilbon egin duten agerraldian.(Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorrari begira osatutako aldarrikapen taulan bildu dituen eskaera nagusiak berretsi ditu: aberastasuna modu justuan banatzea, pentsioen sistema publikoa defendatzea, eta eskubide sozialak bermatzea, hau da, greba orokorraren leloak berak dioen bezala, lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzea.

Ostegun honetarako deitu duten greba orokorraren azken zehaztapenen berri eman dute Eskubide Sozialen Kartaren izenean. «Greba orokorra arrakasta izateko garrantzitsuena langileek grebara jotzeko arrazoiak ondo ulertu dituztela da. Ulertu dute orain beharrezko indarra dugula arrazoi horiek guztiak balioan jartzeko», azaldu du LABeko idazkari nagusia den Garbiñe Aranburuk.

Honen iritziz, «ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago» izango da: «Hain zuzen ere, azken urtean baldintzak sortu ditugu grebarako jauzia emateko, mobilizazio sozial maila handi batekin. Greba orokorrean borroka hauek guztiek bat egingo dute. Langile klasearen batasunaren isla izango da osteguneko greba orokorra».

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, «indarra dugu greba egiteko arrazoiak balioan jartzeko, eta proposamenak baditugu. Gasteiz eta Iruñeko gobernuei zuzendu gatzaizkie, baita Confebask eta CEN patronalei. Hauek guztiak elkarrizketa sozialaren defendatzaile sutsuak dira, baina, hori bai, edukirik gabeko elkarrizketa sozial bat defendatzen dute; denbora pasatzeko elkarrizketa sozial bat; patronalaren politikak legitimatzeko elkarrizketa soziala, non sindikatu batzuek uko egiten dioten borrokari».

Madrilen hori bera gertatu da Aranbururen iritziz eta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko akordioa «CEOEren garaipen bat» izan dela gaineratu du, «CCOO eta UGT sindikatuek argazkian egoteari eman baitiote lehentasuna, patrionalarekin sinatutako akordioari berari uko eginez. Lanbide Arteko Gutxieneko Soltada 2020. urtean 1.000 eurokoa izateari uko egin diote, guk proposatutako 1.200 euroetatik urrun».

Horren harira, patronalei proposamenak helarazi dizkietela azaldu dute Eskubide Sozial Kartaren ordezkariek: gutxieneko soldata negoziatu ahal izateko, 35 orduko gehienezko lanaldia eta 20 orduko gutxienekoa gauzatzeko, azpikontratetan subrogazio eskubidea aldarrikatzeko eta soldata arrakalarekin bukatzeko.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, bestalde, mezu zuzena bidali die Lakuako eta Nafarroako gobernuei: «Pentsioak eta prestazio sozialak hobetzeko marjina badute, beraz, ezin dute beste alde batera begiratu».

Gehitu duenez, arrazoi nahikoa dago greba orokorra deitzeko, pobrezia gero eta handiagoa baita gurean ere. «Greba hau soldata-arrakala gainditzeko ere bada, baita DBE eta etxebizitzarako eskubidea defendatzeko ere. Jaurlaritza gezurretan ari da, gu ez gara oasi batean bizi», azaldu du.

Lakuntzak azpimarratu du greba ezinbesteko tresna dela demokrazia batean. «Demokrazia ezin daiteke ulertu grebarik gabe. Kontzientzia duen eta aktibatuta dagoen gizarte bat gizarte hobea da. Greba da esku artean dugun tresnarik eraginkorrena: beste modu batera nekez lortuko genituzkeen gauzak lortzeko balio digu eta nahi dugun gizarte-eredua finkatzen laguntzen digu», gaineratu du.

Ehundik gora mobilizazio

Agerraldian ostegunean izango diren mobilizazioen berri ere eman dute. Eguerdian mobilizazio nagusiak izango dira hiriburu eta zenbait eskualdetan. Arratsaldean, berriz, herrietan egingo dituzte protestak, guztira ehundik gora.