Naiz
HENDAIA

LAB eta Aitzina gazte antolakundeko militanteek Topoa moztu dute Hendaian

LAB Ipar Euskal Herria eta Aitzina gazte antolakundeko hainbat kidek EuskoTrenek Hendaian duen geltokiaren inguruan blokeo ekimena egin dute gaur 7.30ean. Topo zerbizua eten egin dute, Hego Euskal Herrian gaur deituta dagoen greba egunarekin bat eginez.

Hendaiako grebalariak Topo baten aurrean. (@LAB_ieh)
Hendaiako grebalariak Topo baten aurrean. (@LAB_ieh)

Goizeko 7.30ak aldera LAB Ipar Euskal Herria eta Aitzina gazte antolakundeko hainbat kidek gaur Hego Euskal Herrian antolatu den greba egunarekin bat eginez blokeo ekimena egin dute.

EuskoTrenek Hendaian duen geltokitik metro batzuetara jarri dira, trenbidea okupatzen. Horren ondorioz Hendaia eta Donostia arteko Topo zerbitzua geldituta egon da.

Blokeo ekimena 9.30ak arte luzatu da, eta geroztik Hendaia ea Donostia arteko zerbitzua berriz ere martxan jarri da. Are, garraio publiko hori baliatu dute herritar anitzek Donostian deituriko manifestaziora joateko.

Eñaut Aramendi, LABeko arduradunak azaldu duenez, blokeo horrekin Euskal Herri osoan langileen eskubideen aldeko mugimendua indartzeko beharra irudikatu dute. Topoaren blokeoa bukatuta, ekintzaileak Irunera joan dira auto-ilara osatuz, handik Donostiara joateko.

Arratsaldean, berriz, 18.30tan elkarretaratzea eginen dute Hendaiako Herriko Etxearen aitzinean.

Hilabete luzeko borrokaldia Ipar Euskal Herrian

Iragan abenduaren 5az geroztik Emmanuel Macronen Gobernuak onartarazi nahi duen erretreten erreformaren kontra mugimendu sozial zabala martxan da Ipar Euskal Herrian, baita Frantzian ere.

Hendaian eginiko ekimenean parte hartu duen Heren Muruaga¡ LABeko kideak azaldu duenez, Estatu frantsesean bezala «Espainian ere erretreten sistema aldatu nahi dute, kapitalizazio sistema oinarrituta». Horrendako «egoera lotura dagoenez denok batera borroka egin behar dugu», gehitu du.

Erretreten erreformaren aurkako mugimenduaren baitan, atzo borroken maratoia irudikatu zuten Hendaia eta Baiona artean SNCFko tren langileek.

Parisen, berriz, suhiltzaileen aurka bortizki oldartu zen Polizia.