NAIZ

Jendarmeriari telefono deia, «sarraski» bat egingo zuela aldez aurretik jakinarazteko

Pertsona batek Jendarmeriara deitu du gaur militarra zela esanez, eraso bat egingo zuela jakinarazteko; Dieuze-ko Frantziako herrian, Estatu Islamikoaren izenean, «sarraski» bat egongo zela iragartzeko, Metzeko prokuradoreak erasoaren ondotik jakinarazi duenez. Deia izan eta gutxira, 19 urteko militar bat erasoa egiten saiatu da, labanaz. Tiroz zauritu du jendarme batek. Honek ere zauriak izan ditu.

Dieuze-ko Jendarmeria erasoaren ostean (Jean-Christophe VERHAEGEN/AFP)
Dieuze-ko Jendarmeria erasoaren ostean (Jean-Christophe VERHAEGEN/AFP)

Jendarme frantses batek tiro egin dio eraso egin dion gazteari, Dieuze-ko kasernan, Frantziako ipar-ekialdean. Antza, erasotzaileak Jendarmeriako kuartelera sartu eta labankada eman dio jendarmeari eskuan, eta honek tiro egin sabelean. Erasotzailea Metzeko ospitalera eraman dute, Dieuze-tik 50 kilometrora.

Erasoa gertatu ostean Jendarmeriako hamabost bat autok kaserna inguratu dute. Suhiltzaileak ere bertaratu dira, Justiziak gertaeraren motibazioak aztertuko dituela jakinarazten zen bitartean. Erasoa gertatu den herriak 3.000 biztanle ditu.

Ordu batzuk beranduago, Metzeko prokuradoreak hitza hartu du, eta emandako datu batzuk bitxiak ere izan dira, batez ere erasoaren aurretik erasoa izango zela jakinaraziz dei bat egon dela esan duenean. Ez dutela «eraso terrorista bat» izan izana baztertzen adierazi du lehenik.

Prokuradoreak zabaldutako bertsioaren arabera, erasoaren aurretik pertsona batek dei egin du Jendarmeriako zentro operatibo batera, Dieuze-ko herrian sarraski bat egongo zela esateko. Militarra zela esan du, eta erasoa Estatu Islamikoaren izenean egingo zuela aldarrikatu.