naiz

Brexitaren bultzada eskoziar independentismoari: inkesta ezberdinek abantaila ematen diote

2015 urtetik lehen aldiz, inkesta ezberdinek abantaila eman diete independentziaren aldekoei Eskozian. Brexitaren eragin zuzena dute zenbaki hauek. Hala ere, oraindik, Erresuma Batua uztearen aldeko hautua %51-%52an mugitzen ari da.

Bigarren erreferendum baten aldeko mobilizazioa, Glasgown. (AFP).
Bigarren erreferendum baten aldeko mobilizazioa, Glasgown. (AFP).

Ez da astebete igaro Brexita gauzatu zenetik. Jakina zen Eskozian eragin zuzena izango zuela eta bigarren independentzia erreferendum baterako bidean mugarria izanen zela. Eta hala izaten ari da. Azken egunetan kaleratu diren hiru inkesta ezberdinek, lehen aldiz, abantaila ematen diete independentziaren aldekoei.

Aldea urria bada ere, esanguratsua da nola Europar Batasunetik ateratzeko prozesuak dagoeneko mugiarazi dituen bozak. Gaur bertan kaleratu dute Panelbasek eginiko inkesta, zeinetan eskoziarren %52 agertu den independentziaren alde, %48ak Erresuma Batuan jarraitzea defendatzen duen bitartean. Urtarrilaren 28 eta 31 bitartean egin zen galdeketa.

Atzo bertan, Survationen inkestan, bigarren independentzia erreferendum batean ‘Yes’ eta ‘No’ bozkatuko zutenak %50ean berdinduta agertu ziren. Galdeketa hau Brexita gauzatu baino bederatzi egun lehenago egin zen eta bertan 1.019 lagunek hartu zuten parte. Orduan, oraindik ia %12ak ez zekien zer egingo zuen.

Eta aurreko astean, YouGovek %51ko babesa eman zion independentismoari. Inkesta honek, baina, beste datu esanguratsu bat zekarren. 2016an Brexitaren erreferendumean Europar Batasunean mantentzearen alde bozkatu eta 2014an independentziari esan ziotenen %21ak aldatuko luke bere bozka eta orain independentziaren alde eginen luke.



Inkesta guzti hauek Boris Johnson lehen ministro britaniarrak bigarren erreferendum hori egiteko botere itzulketa ukatu eta gero iritsi dira. Era berean, Nicola Sturgeon premier eskoziarrak galdeketa berri hori aurrera eramateko «oinarria zabaldu» egin behar zela adierazi zuen, eta inkesta hauek bide horretan doaz.

2015ean, ezetzak independentzia erreferenduma irabazi eta gutxira, inkestek abantaila eman zieten indepdentziaren aldekoei, baina ordutik ez da berriz halakorik gertatu. Orain arte.