Iruña-Veleiako aurkikuntzak faltsutu izana egotzita Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil Lurmen enpresako zuzendariaren, Oscar Escribano geologoaren eta Ruben Cerdan kolaboratzailearen aurkako salaketa jarri zuenetik 11 urte igarota, atzo abiatu zen haien aurkako epaiketa Gasteizko Zigor arloko 1. Epaitegian.
Epaiketa hasi bezain laster, aurretiko galdeetan, fiskaltzak beste akusazio idatzi baten berri eman zuen, Oscar Escribanoren adostasuna duena. Fiskaltzaren eta Lurmeneko langilearen arteko akordioaren arabera, urtebeteko kartzela zigorra onartu du ondarea hondatzeagatik, baita Gasteizko Gobernuari 300 euroko kalte-ordaina eta Arabako Aldundiari beste horrenbestekoa ordaintzea ere. Halaber, 12 hilabetean eguneko sei euroko isuna ordaindu beharko du. Aldundiaren akusazioak onartu egin zuen akordioa, baita zigorra etetea ere; beraz, geologoa ez da kartzelara sartuko.
Escribanok puntzoi batekin ostraka batean idazkun bat egin zuela ere onartu zuen, «Veleia» izena eta bere goitizena alderantziz idatzia agertzen zituena. «Txantxa bat» izan zela ziurtatu zuen, eta egun berean jakinarazi ziela indusketan parte hartzen zutenei. Eliseo Gilek eta Escribanok berak beren deklarazioetan esan zutenez, langileen artean giroa makurtu egin zen, «astindua izan zen», Gilen hitzetan, eta bera Escribano kalera botatzearen aldekoa zela esan zuen.
Epaiketaren aurretiko galdeetan, aurkikuntzen benetakotasunaren kontrako eta aldeko zenbait txosten onartu zituzten parteek eta epaileak, baina ez adituen arteko buruz burukorik, eraginkorra ez delakoan. Bestetik, akusatuen defentsek esan zuten egotzitako delituak preskribatuta daudela eta akusazioak ez ziren ados agertu. Gilen abokatuak laginen zaintza katearen etena ere argudiatu zuen. Epaileak esan zuen epaiarekin batera ebatziko dituela bi eskaerak.
Gilen deklarazioa
Eliseo Gilek deklaratu zuen lehenik. Fiskaltzak galdetuta, lanaren helburua Iruña-Veleia hiri erromatarraren arkitektura eta hirigintza aztertzea zela esan zuen, eta ez inolako grafitorik topatzea. Hala ere, ezohiko aurkikuntzak egin omen zituzten 2005. urtea baino lehen. Ondoren lantaldeari buruzko zenbait galderari ere erantzun zien. 2002. urterako talde egonkorra zela esan zuen.
Fiskaltzak eta Aldundiaren akusazioak indusketa eremua zatituta zegoen zenbait sektoretako aurkikuntzen gaineko galderak egin zizkioten eta Gilek koherentziaz erantzun zuen. Zortzigarren esparruko bosgarren sektoretik ohiz kanpoko 130 ebidentzia atera zituztela esan zuen, eta beraien ezohikotasun irizpidea Kultur Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritze Goi Eskolaren berbera dela.
Grafitoen aurkikuntzaren lekua akusazioen arretagunea izan zen. Hau da, lekuan bertan edo garbiketa egiten zuten lekuan aurkitu ote zituzten. Gilek adierazi zuenez, bi lekuetan: hasieran pieza horien %16 koordenatu egiten zituzten eta gainerakoak garbiketa prozesuan aurkitu zituzten, aztarnategiko instalazioetan edo batzuetan haien kanpoaldean, eta 2006an hobekuntza batzuk egin omen zituzten lekuan bertan aurkikuntzen kopurua emendatzeko. Lekuan bertan ezohiko aurkikuntza gutxiago izatea normala dela esan zuen, lokatzez estalita ateratzen ziren pieza gehienak ezin baitziren eskuz garbitu. Atera ondoren, garbiketa lekura eraman eta han eskuila txiki batekin eta urarekin garbitzen zituzten.
Ezohiko aurkikuntza horiek nola gordetzen zituzten galdetuta, Gilek esan zuen 2005ean kutxa gotor batean gordetzen hasi zirela, baina taldean konfiantza giroa zegoela eta hiru giltza sorta zeudela hainbat lagunen eskueran. Aurkikuntzak agertu ahala, Aldundiari komunikatzen omen zioten, eta Gilek zenbait adituri ere kontsultak egin zizkion.
Akusazioek garrantzi handia eman zioten Jose Angel Apellaniz, Carlos Crespo eta Miguel Angel Berjon arkeologoen adierazpenei. Hirurek Lurmenekin indusketak egiten jardun zuten eta zenbait desadostasun izan zituzten enpresarekin. 2007ko urtarrilean utzi egin zuten lan hura. Zuzendariak esan zuenez, metodologia aldatzeko eskatu zuten. Escribanoren idazkun faltsua agertu zenean, Gilek norbaitek antzeko zerbait egin al zuen galdetu zien denei, eta ondoren hiru arkeologoekin zuen konfiantza galdu egin omen zen.
Cerdanekiko harremanaz, Aldundiaren bidez ezagutu zuela esan zuen. Harekiko akordioa hitzezkoa izan zen, Cerdanek ez zuen ez Lurmenekin ez Aldundiarekin kontraturik sinatu. Enkargatu zioten analisiak –patina analisia– ez zuen inongo datarik egiaztatzea helburu, euskarria eta idatzia garai berekoak zirela baizik, betiere teknika ez-suntsitzailea erabiliz.
Bere deklarazioan presio mediatikoa aipatu zuen, bai Henrike Knörrekin eta Joaquin Gorrochategirekin jendaurrean egin zuen agerraldia gogorarazita, gero Gorrochategiren eta Juan Santos Yanguasen iritzi aldaketa azaltzeko.
Benetakoak?
Fiskaltzak Iruña-Veleia fundazio bat egiteko ideiaz galdetu zion, eta Gilek esan zuen baietz, ideia hori izan zuela, baina ez Aldundiari inolako kontrolik kentzeko; aitzitik, Aldundiari «paper zentrala emateko». Aurkikuntzak benetakoak ziren galdetu zionean, «zientifikoki ez da haien faltsutasuna erakutsi» erantzun zuen. «Nire kontzientzian, egiazkoak dira».
Ondoren, Cerdanek deklaratu zuen. Bat etorri zen oro har Gilek esandakoarekin. Bere analisien helburua piezak eta grafitoak garaikideak ziren jakitea zen. Akusazioek Cerdanen titulazio akademikoa zalantzan jarri zuten, baita analisi batzuk egin izana ere. Berak esan zuen inork ez ziola analisi horiek aurkezteko eskatu, eta diru truke benetakotasun txostenak egitea ukatu zuen.
Azkenik, Escribanok deklaratu zuen. Esan zuenez, normalean ez zuen indusketa lanetan parte hartzen, eta ez zuen gauza handirik esan ezohiko piezen gainean, ez baitzuen gogoratzen edo ez baitzekien, arkeologia ez baita haren espezialitatea.