Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren sorreratik bigarren bilera egin dute gaur Lakuako Gobernuko, Confebask patronaleko eta CCOO eta UGT sindikatuek. Bertan adostu dute itun sozial bat egingo dutela 4.0 industriaranzko «bidezko trantsizio» baterako, teknologiak ekoizpen-sistemetan sortutako aldaketak direla eta, langileen birkualifikazioa, birkokatzea edo, hala badagokio, gizarte laguntzak bermatzeko. Behin-betiko adostasunik, beraz, ez dute oraino erdietsi.
Lakuako Gobernuaren aldetik, María Jesús San José, Laneko sailburua, Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Arantxa Tapia, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburua eta Cristina Uriarte, Hezkuntza Sailekoa izan dira, baita Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria ere.
Sindikatuen aldetik ,CCOOko idazkari nagusia, Loli García eta UGTkoa, Raúl Arza izan dira eta Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurre izan da patronalaren ordezkari.
ELA eta LAB sindikatuek, EAEn ordezkaritzaren gehiengoa dutenak, ez dute bileran parte hartu.
Mahaian sinatutako akordioek bost lan eremu hartzen dituzte beren baitan: enplegua, 4.0 industria, Lanbide Heziketa, berdintasuna eta lan osasuna. Enpleguari dagokionez, hiru aldeko itunak Euskal Enplegu Sistemaren etorkizuneko lege baten erregulazioaren oinarri izan behar duten oinarriak jasotzen ditu, non, besteak beste, Enplegurako Prestakuntzaren berezko eredua alderdi estrategikotzat nabarmenduko baita.
4.0 industriaren kasuan, globalizazioa eta aldaketa teknologiko etengabeak ekarriko duen eredu ekonomiko berrirako «bidezko trantsiziorako» gizarte-itun baten oinarriak ezartzea erabaki da.
Horretarako, Lakuak, Confebaskek, CCOOek eta UGTk konpromisoa hartu dute berariazko prestakuntza- eta birkualifikazio-programak garatzeko, beren lana egiten zuten enpresetan edo jarduera utzi dutenetan birkokatu ezin izan diren langileentzat. Aldaketa produktiboak eragindako langileentzako «kobertura soziala» ezartzea ere jarri dute mahai-gainean.
«Zurikeria»
Bilera egin aurretik, ELA eta LABek, zeintzuek uko egin zioten Elkarrizketa Sozialeko Mahaiean parte hartzeari, iragarri zuten astearteko bilerak ez ziola erantzunik emango iragan osteguneko greba orokorrean kaleratu ziren aldarriei, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko soldata minimoa ezartzeari, kasurako.
Bileraren helburu bakarra «langileen aldarrikapenei entzungor egiten dieten eragile guztiek beren burua zuritzea» izan dela esan zuten.