naiz
Zaldibar

Zaldibarko zabortegian Lakuaren ardura eta amiantoaren aurrean neurri falta salatu dute sindikatuek

Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren ostean orduak eman zituzten langileek erreskate eta garbiketa lanetan, bertan amiantoa zegoela jakin gabe. ELA eta LAB sindikatuek Lakuaren ardura seinalatu dute eta CCOOk hauekin bat egin du «neurriak» eskatzeko garaian.

La AP-8, entreabierta ante el desprendimiento. (Gorka RUBIO | FOKU)
La AP-8, entreabierta ante el desprendimiento. (Gorka RUBIO | FOKU)

Verter Recycling 2002 zabortegia gai inerteak eta hondakin ez arriskutsuak tratatzeko erregistratuta dago, baina atzo bertan amianto bolumen handia metatuta zegoela jakinarazi zuten. LAB, ELA eta CCOO sindikatuekbat egin dute «neurriak zorrozteko beharra» eskatzerakoan.

ELAk Lakuaren «prebentzio eta kontrolik eza» salatu du, erreskate eta hondakinak kentzeko lanetan ziharduten beharginak amianto zuntzen eraginpean egon direla gogora ekarriz. «Behin eta berriz errepikatu izan dugu: lan prekarioak hil egiten du».

Urtea abiatu zenetik 11 langile hil dira. «Lakuak ez du borondaterik eta arazoari ekiteko asmorik» salatu du ELAk eta «neurriak» eskatu dituzte. «Osalanek bitarteko gehiago behar du langileen aholkularitza eta enpresen kontrola hobetzeko, Ertzaintzak bere esku hartze eta ikerketa lanak egiteko, eta Lan Ikuskaritzaren plantilla ere gehitu behar da ikuskatzeko eta zigortzeko lanak egin ditzan», adierazi dute ohar baten bidez. Lakuaz gain, Confebask, UGT eta CCOOen «konplizitatea» ere seinalatu dute.

Bide beretik, LAB sindikatuak «elkartasuna eta sostengua» adierazi die desagertu diren langileen senideei eta «ikerketa sakon bat» eskatu dute, «edonolako erantzukizunak argitu eta arduradunak seinalatzeko». Zentzu horretan, zabortegiak dituen baimenak ere ikertzea defendatu dute.

Bertan amiantoa zegoela jakin arren, administrazioaren «prebentzio neurri eza» ere mahai gainean jarri dute. «Material kantzerigeno honen zuntzen arriskupean berez jardun den pertsona oro identifikatu behar da, arriskupean egon diren langileen zerrendan sar daitezen eta etorkizunean kontrol medikua egin dadin», gehitu dute.

Horrela, «lan harremanen eredua aldatzeko premia» azpimarratu dute, «non langileen segurtasuna eta osasuna ipiniko den eliteen interes ekonomiko eta politikoen aurretik».

CCOO sindikatuak berriz, zabortegiak amiantoa biltzeko lizentzia baldin bazuen, erreskate lanak prebentzio neurririk gabe abiatu izan «ez dela normala» adierazi du, «langileak arriskuan jarri direlako» eta arriskupean egon diren langileei jarraipena egitearekin bat egin du.

Sindikitaruaren iritziz, EAEn ez daude amiantoa pilatzen duten zabortegi «asko gehiago» eta hortaz, «kantitatea handia izan liteke» eta «neurriak zorrozteko beharra» nabarmendu dute.