Kopako finala datorren apirilaren 18an, larunbata, jokatuko da Sevillan. La Cartujan, hain zuzen ere. Orain dela 20 urte «giraldilla»-k presoen aldeko aldarriekin agertu ziren estadio bera da. Atletismoko Munduko Txapelketaren inaugurazio ekitaldia izan zen eta euskal presoen eskubideen aldarria nazioarteko agendan jartzeko aukera eman zuen.
Oraindik finalerdiak gainditzea falta zaie Athletic eta Realari. Granada eta Mirandes izango dituzte aurkariak. Datorren astean jokatuko dira joaneko partidak eta itzulerakoak martxoaren hasieran. Hilabete luze geratuko da ekimen bateratuak adostu edo prestatzeko. Baina joan den astetik asko dira irudi eta aldarrikapen ezberdinekin amesten ari diren futbolzale edo herritarrak.
Sare sozialak horren erakuslehio izaten dira. Azken egunetan Kortabarria eta Iribar ikurrinarekin eta Felipe Borboikoaren aurpegiarekin batera agertzen den irudia zabaldu da. Herror 404 fanzinekoak izan dira egileak. 1975ko abenduaren 5ean Real eta Athleticeko jokalariak ikurrinarekin batera zelairatu ziren. Franko hil berri, legeztatu gabe zegoen euskaldunen ikurra eta bi taldeetako jokalariek pausu ausarta eman zuten. Gerora ere oroitu izan dute ekimena eta ikurriñarekin atera dira jokalariak zelaira.
Kopako finalean euskal derbi bat ematea posible denez, antzeko ekimen bat antolatzearen aldeko mezuak zabaldu dira. Ikusteke dago Espainiako Federazioak horrelako gertaera baten aurrean hartuko lukeen jarrera. Izan ere, Errege Kopa da txapelketaren izen ofiziala eta Felipe Borboikoa finalera joan ohi da. Athletic eta Bartzelonak jokatu izan dutenean sekulako txistukada jaso izan du espainiar ereserkiak eta komunikabide eta politikari asko horren aurka egitearen alde agertu dira.
Beste jarraitzaile eta herritar batzuek ere «Altsasukoak aske» edo «Presoak etxera» aldarrikapen bateratuak egitea proposatu dute sare sozialen bidez.
Aurrekari bezala, igande hontako derbian Real eta Athletic zaleek euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko kalejira egin dute. Beste taldeen arteko euskal derbietan ere errepikatu izan dira denboraldi honetan antzeko ekimenak. Izan ere, Eurokopa jokatuko da uda honetan San Mamesen eta zaleek euskal selekzio bat ikusi nahiko lukete nazioarteko txapelketetan parte hartzen.