Amalur ARTOLA

Liher taldearekin batera grabaketa estudiora sartuko da NAIZ

‘Hemen herensugeak daude’, Liher-en estudioko hirugarren diskoaren grabaketa prozesua gertutik jarraituko du NAIZ-ek. Asteazkenetik igandera bitartean, prozesuaren egunerokoa eskainiko digute, idatziz zein bideoz.

Liher taldearen estudioko hirugarren lana izango da ‘Hemen herensugeak daude’. (LIHER)
Liher taldearen estudioko hirugarren lana izango da ‘Hemen herensugeak daude’. (LIHER)

Vilafranca del Penedès-eko (Bartzelona) Cal Pau masiara bidaiatuko du NAIZek asteazkenetik aurrera Liher taldearen estudioko hirugarren diskoa izango denaren grabaketa prozesua bertatik bertara ezagutzeko. ‘Hemen herensugeak daude’ lan berriarekin diskoaren formatua gainditu eta transmediaren munduan sartuko da Liher eta, hala, proiektuan kantuez gainera ilustrazioak eta ikusentzunezkoek pisua izango dute. Horren aurrekari gisa, NAIZen grabaketaren berri emango digute, idatziz zein irudiz (bideoak eta argazkiak).

«Normalean produktua (diskoa) bukatua dagoenean ikusten dugu, baina prozesua nolakoa den jakitea oso interesgarria da. Tripak ikusiko dizkiogu proiektuari, nola doan garatzen», aurreratu digu Iñigo Etxarri taldekideak. Hala, Bartzelonako abenturak, diskoaren osatze prozesuan hartu beharreko erabakiak eta prozesu horretan bertan diskoak bizi ohi dituen eraldaketak xehatuko dizkigute.

Lide Hernando, Liher-eko abeslariak, azaldu digu proiektuaren mamia: «Oso proiektu berezia da, lehen aldiz saiatu garelako diskoaren barruan ideia orokor bat lantzen; ez da hainbat abestiren zaku bat», ziurtatu du. Zehazki, bortxaketa bat pairatu zuen emakumearen azalean sartuko da Liher eta, abestiz abesti, bere baitan bizi duen garapenaren lekuko bilakatu gaituzte. «Gure errealitatetik, gure ingurutik, gai honen inguruko esperientzia negatibo batzuk jaso genituen, tratu txarren ingurukoak, eta erabaki genuen horri buruz hitz egin nahi genuela. Lanketa handia egin dugu, abesti bakoitzari istorioaren fase bat esleitu diogu eta hitzak neurtzen, koherentzia bilatzen ahalegindu gara». Era berean, hitzek emozionalki melodiarekin konekta zezala ere bilatu dute: «Ez da izan diskoa egiteko ohiko prozesua, ez da abestiak egin, grabatu, ensaiatu eta lixto: zentzua eta kohesioa bilatu ditugu uneoro».

Koherentzia

Hitzen eta melodiaren arteko zubilana egiteko Santi Garcia dute bidelagun. Euren lehen lana, ‘Hauts’ (2016), Etxarrik Donostian dituen In estudioetan grabatu zuen eta, bigarrenerako, ‘Tenpluak erre’ (2018), Karlos Osinaga ‘Txap’-ren partaidetza izan zuten nahasketetan. «Prozesu natural hori jarraituz», Garcia izan dute teknikari eta ekoizle: «Estudioan, askotan konturatzen zara %100eko ziurtasuna zenuen ideia hori moldagarria izan daitekeela. Burua irekita sartu gara estudiora, edozein aldaketa eta proposamenera irekita», ziurtatu du Etxarrik.

Emaitzak prozesu hori erakusketa ere espero dute: «Iruditzen zait ‘Tenpluak erre’-ko gitarren distortsioa eta astuntasuna hor egongo direla, baina jo dugu stoner ‘rollo’ak baimentzen dituen adarretara: bluesa, punka, funka… Agian ‘Hauts’etik ‘Tenplu’ra jauzi handiagoa egon zen ‘Tenplu’tik honetara baino».

Lehen bideoklipa datorren astean aurkeztuko dute eta diskoa otsailaren 28an aurkeztuko dute. Bien bitartean, grabazioaren nondik norakoak eta proiektuaren gakoak NAIZera ekarriko dituzte, asteazkenetik igandera.