NAIZ

91 ontzik eta 1.200 arraunlarik hartuko dute parte larunbatean Oriaren Traineru Jaitsieran

Eusko Label eta Euskotren Ligetan dauden euskal traineru gehiengoez gain, leku askotako ontziak izango dira 26. Oriaren Traineru Jaitsieran: Alakante, Galizia, Katalunia, Ipar Euskal Herria… Eguraldi iragarpena oso ona dela adierazi dute aurkezpenean.

Orioaren Traineruen Jaitsierako antolatzaile eta babesleak, asteazken honetan Orion. (ORIOKO ARRAUNKETA ELKARTEA)
Orioaren Traineruen Jaitsierako antolatzaile eta babesleak, asteazken honetan Orion. (ORIOKO ARRAUNKETA ELKARTEA)

Uda garaian izaten da traineruen denboraldi nagusia, eta arraunlarien prestaketa fisiko garrantzitsuena neguan egiten da. Neguari argi piska bat emate aldera, Orio Arraunketa Elkarteak 1995ean Oriaren Lehen Traineru Jaitsiera antolatu zuen eta aurten 26. edizioa beteko du.

Udako denboraldiari begira erreferentziak hartzeko ezin besteko hitzordua da Oriokoa. Larunbatean izango da zehazki, arratsaldeko 16.00etan.

Asteazken honetan aurkezpenean aipatu dutenez, bi ibilbide daude prestatuta: 4.000 metroko eremua –irteera Sarikolatik eta helmuga Orion–, Mediterraneoko ontzientzat eta emakume, jubenil eta beteranoentzat, eta 6.000 metrokoa –irteera Mapil-Aginagatik eta helmuga Orion–, "Absoluto mailako" traineruentzat.

Guztira, 91 ontzik, 1.200 arraunlari inguru, hartuko dute parte. Hala adierazi dute aurkezpenean Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak, Anuska Oliden Orioko alkateak, Jose Angel Iparragirre kirol zinegotziak eta Gabriel Eizagirre Babyautoko arduradun nagusiak.

Inauteri Festa eta Arraun Eguna

Arraunlarien lana ez da ekitaldi bakarra izango larunbatean. Izan ere, Inauteri Festa eta Arraun Eguna ospatuko dute Orion egun berean, ekimen desberdinekin. Jaia 12.00etan hasiko da Sugarri fanfarrea eta mozorroen kalejirarekin. 13.00etan photocall-a Endaia plazan eta marmitako errazioak eta txotxeko sagardoa banatuko ditu Oriko Arraunketa Elkarteak Ibai Ondo plazan.

Ondoren, 14.15etan, kalejira egingo da Endaia plazatik pilotalekura eta bertan inauteriko herri-bazkaria ospatuko da. 16.00etan Orioko Traineruen Jaitsieraren txanda izango da, eta 17.30ean mozorren kalejirarena eta Rockalean elektrotxarangarena kalez kale.