Naiz

EAJ-PNBk hamasei hautagai sostengatuko ditu udal eta Euskal Elkargorako bozetan

EAJ-PNBk hamasei hautagai sostengatuko ditu heldu den udal eta Euskal Elkargorako hauteskundeetan. Pako Arizmendi IBBko presidenteak azaldu duenez «gure lurraldearen errealitateei eta beraz biztanle guzien beharrei egokitutako tokiko egitasmoak bultzatuko dituzte» jeltzaleek martxoak 15 eta 22an iraganen diren bozetan.

Eneko Goia Donostiako alkatearen sostengua jaso zuten Iparraldeko EAJko hautagaiek, atzo, Angelun. (Guillaume FAUVEAU)
Eneko Goia Donostiako alkatearen sostengua jaso zuten Iparraldeko EAJko hautagaiek, atzo, Angelun. (Guillaume FAUVEAU)

EAJ-PNBk hamasei hautagai sostengatuko ditu heldu den martxoaren 15 eta 22an Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin iraganen diren udal eta Euskal Elkargorako hauteskundeetan.

Ipar Buru Batzarreko presidente den Pako Arizmendik Angelun antolaturiko aurkezpen ekitaldian azaldu duenez, «lehen esparru demokratikoa da herria eta bakoitzak maila horretan erabaki behar dugu, deserdiratze gehiagoren alde lan egin eta Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriaren arteko lankidetzaren moldeak bultzatuz».

EAJ-PNBren hautagaiak defendituko duten gai nagusiak zehaztu zituen Arizmendik: euskara, tokiko garapen ekonomikoa, mugikortasuna, etxebizitza eta hiri antolaketa. Nabarmendu duenez, «horiek dira herri eta Euskal Elkargoaren mailetan landu nahi ditugun gai nagusiak».

EAJ-PNBk hautagaiak aurkeztuko ditu Baionan, Biarritzen, Donibane Lohizunen, Ziburun eta Urruñan. Izan ere, Lapurdi barnealdean eta baita Nafarroa Beherean eta Zuberoako hainbat herrietan ere hautagaiak aurkeztuko dituzte jeltzaleek.

Jardunean diren auzapez bi -Beñat Arrabit, Arrosako auzapeza eta Alain Dubois, Makeako auzapeza- berriro ere hautagai izanen dira martxoko bozetan. Beste herrietan zentro-eskuineko zerrendetan sartuko dira hautagai jeltzaleak.

Hala, Baionan, Jean-Rene Etchegarai buru duen hautagaitza babestuko dute jeltzaleek eta Donibane Lohizunen Jean-François Irigoyenen zerrendaren baitan aurkeztuko dira. Ildo beretik, Kanbon Christian Deveze egungo auzapezak gidatzen duen hautagaitzaren aldeko botoa eskatuko dute eta Urruñan Odile de Corale auzapezaren ordez aurkeztuko den Francis Gavilan zentro-eskuineko hautagaia sostengatuko dute.

Biarritzen eta Maulen

Alta, badira jeltzaleen erabaki bik arreta eragiten dutela. Hala, Biarritzen, Michel Veunac egungo auzapeza babestu ordez bere gehiengoaren kide ohi batek, Guillaume Barucqek, aurkeztuko duen zerrendaren alde parioa egin du EAJ-PNBk.

Bestalde, jeltzaleek betidanik beraien eremutik gertu kokatu duten Michel Etchebest Mauleko auzapezaren hautagaitza ez dute sartu oraingoan beraien sostengu zerrendan.