Donostiako Udaleko Bozeramaile Batzordeak, halaber, aho batez onartu du gaur EH Bilduk aurkeztutako erakunde adierazpena, erasoa «irmotasunez» gaitzetsiz eta «faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako» konpromisoa adieraziz.
«Orain arte ez dugu egoera salatu, uste dugulako lan humanitarioaren bitartez egoera bera salatzen ari ginela. Baina orain salaketa erradikalago bat egin beharrean gaude, hango egoerari egokitzen zaiona. Ultraeskuina zigorgabe ari da Europatik. Eta Europak neurriak hartu behar ditu, hau ez da Mozambiquen edo Venezuelan gertatzen ari, hau Europan gertatzen ari da», salatu du Zazpi Garcia Zaporeak-eko kideak.
Gogorarazi du 20.000 errefuxiatu baino gehiago daudela Grezian, baldintza «oso latzetan», eta argitu nahi izan du haiei eraso egin zien talde faxistak ez bezala, herrialdeko biztanleen gehiengoa errefuxiatuen baldintzak hobetzearen aldekoa dela.
Erasoa
Peio Garcia Amiano Zaporeak-eko kideak igande arratsaldean gertatutakoaren berri eman du Udaleko ordezkaritzaren eta prentsaren aurrean. Kontatu duenez, eskuin muturreko taldeak Lesbosera iritsi ziren; eta igande goizean jada antzeman zituzten. 10-12 pertsonako pikete batek autoa geldiarazi, sukaldera itzuli eta errefuxiatuendako janari banaketa bertan behera utzi zuten, arratsaldera arte.
Arratsaldean, berriz, beste pikete batek eraso egin zien banaketa egiten ari ziren Zaporeak-eko kideei, batzuk furgonetan eta besteak kotxean zihoazela. Mugikorrak hautsi, GKEko kideak jipoitu zituzten, makilak erabiliz; haietako bati pistola ere erakutsi zioten.
Zaurituta, kotxeak birrinduta baina ihes egitea lortu zuten. «Pentsatzen genuen ez ginela hortik aterako. Oso gogorra izan zen», esan du Garciak, baina proiektuarekin segitzeko prestutasuna erakutsi du: «Ez genuen espero sekula horrelakorik gertatuko zenik, baina oso argi dugu ez ditugula errefuxiatuak abandonatuko». Zaporeak-eko taldeak Lesbosen jarraitzen du, baina momentuz, egoera lasaitu arte, ez da janaria banatzen ari.
Adierazpen instituzionala
Donostiako Udalak aho batez onartu du eraso faxista hau gaitzesteko EH Bilduk aurkeztutako adierazpen instituzionala. Honen bitartez, Udal taldeek «erabateko irmotasunez» gaitzetsi dute Zaporeak-eko boluntarioen kontra «faxista taldeek egindako erasoa».
Udalak babesa eta elkartasuna adierazi die Lesbos uhartean erasoa jasan duten herritarrei eta «Zaporeak-eko zein Grezian errefuxiatuen alde lanean ari diren GKEetako kideei». «Era berean –dio adierazpenak–, babes juridiko eta soziala eta laguntza eskainiko die Grezian faxista taldeek erasotutako donostiarrei».
Bestalde, faxismoa eta arrazakeria gaitzetsi eta Europar Batasunari asilo politika berri bat galdegin dio, «giza eskubideetan, justizian eta elkartasunean oinarritua, eta horretarako, neurri eraginkor eta koherenteak har ditzala».