NAIZ

Eneko Agirre UPV/EHUko irakasleak Google-ren sari bat lortu du, 62.000 eurokoa

Eneko Agirre UPV/EHUko irakasle eta ikerlariak Google erakundeak ematen dituen sarietako bat irabazi du. Sariak 62.000 euroko balioa du eta hirutan lortu duen ikertzaile bakanetakoa da.

Eneko Agirre Informatika Fakultateko irakaslea, bere lantaldearekin. (UPV/EHU)
Eneko Agirre Informatika Fakultateko irakaslea, bere lantaldearekin. (UPV/EHU)

Eneko Agirre UPV/EHUko irakaslea eta ikerlariak Google Faculty Research Awards sarietako bat jaso du Interneteko bilatzaileen adimen artifizial garatzeko lanari esker. Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakaslea izateaz gain, Agirre HiTZ ikerketa zentroko zuzendaria eta Ixa Taldea ikerketa taldeko kidea da.

Adimen artifizialeko tekniken bidez, saritutako proiektuaren helburua da elkarrizketa-sistemek –hala nola Siri, Alexa edo Google Assitant– erabiltzaileengandik ikasi ahal izatea, martxan daudenean. Gaur egun, gero eta aplikazio gehiago baina mugatuak daude, elkarrizketa bidez erabil daitezkeenak, neurri batean, makinek ez dutelako hizkuntzaren konplexutasuna ulertzen eta gure hizkuntzaren anbiguotasunean erraz galtzen direlako. Arazo hauek dira Agirreren proiektuak zuzendu nahi dituenak.

‘Google Faculty Research Awards’ Google erakundeak urtero ematen dituen sariak dira. Aurtengo lehiaketan, 917 hautagaik parte hartu dute; horietatik, soilik %25 Estatu Batuetatik kanpoko unibertsitateetatik datoz. Agirrerena ez ezik, Google erakundeak 11 sari gehiago banatu ditu. Agirrek lortutako sariak 62.000 euroko balioa du. Agirrek sariaren dirua erabiliko du ‘Conversational Question Answering agents that learn after deployment' izena duen proiektua finantzatzeko.

Aitor Soroa eta Gorka Azkune irakasleek, Arantxa Otegi ikertzaileak, Jon Ander Campos doktoretza ikasleak, Aitor Agirre masterreko ikasleak eta Eduardo Vallejo graduko ikasleak osatzen dute Agirre irakaslearen taldea.

Euskara proiektuan

Proiektua batez ere ingelesezko elkarrizketetan zentratzen bada ere, euskarazko elkarrizketekin ere lan egin dute bultzatzaileek. Horretarako iaz Ixa taldeak euskarazko elkarrizketak biltzeko boluntarioak erakartzeko kanpaina jarri zuen martxan. Kanpainak oso harrera ona izan zuen, eta pertsonei buruzko euskarazko elkarrizketak jaso ziren, Wikipedian dagoen informazioan oinarrituta.