NAIZ

Koronabirusa: «Larrialdia»ren aurrean sektore guztien arteko mahaia eskatu du EH Bilduk

Sindikatuak, enpresak, osasuna, hezkuntza edota zainketen esparruan dabiltzan eragile guztiak mahai baten inguruan biltzea proposatu du EH Bilduk, koronabirusak dakarren «larrialdi nazionala»ri aurre egiteko.

Koronabirusa frogatzen duen proba baten irudia. (Nafar Gobernua)
Koronabirusa frogatzen duen proba baten irudia. (Nafar Gobernua)

Erakundeen arteko mahaia osatu du Lakuako Gobernuak, baina EH Bilduk haratago joateko beharra nabarmendu du, «koronabirusa eta haren ondorioak osasun publikoaren larrialdi hutsetik haratago doan gaia bihurtzen ari direlako. Larrialdi nazional bihurtzen ari da koronabirusa, izango dituen ondorioak oraindik zehaztu gabe baitaude».

Hau dela eta, «koronabirusak eragin ditzakeen sektore guztiak eta horien ondorioak bilduko dituen mahai bat sortzeko» proposamena egin du. Bere ustez, «foro horretan aztertu beharko litzateke nola jokatu gaixotasunaren aurrean eta, batez ere, gaixotasuna geratzeko hartzen ari diren neurriek zer nolako eragina izango duten aztertu beharko litzateke».

«EH Bilduk uste du foro horretan inplikatutako sektore guztiek parte hartu beharko luketela: enpresak, sindikatuak, osasuna, hezkuntza edota zainketaren esparrua (zaharren egoitzetan dauden pertsonak, ikastetxerik gabe geratu diren haurrak...). Guztien artean aztertu eta adostu beharko lirateke koronabirusa geratzeko hartzen ari diren neurriek zer nolako ondorioak dituzten eta horiei nola aurre egin», esan du.

Ezker subiranistaren ustez, «beharrezkoa da krisi honi jada bilakatzen ari dena bezala heltzea: gizarte honetako sektore guztiei eragingo dien krisia. Horrela, EH Bilduk uste du alderdi guztiek zuzenean ezagutu behar dutela kasuari buruzko informazioa, eta batera tratatu behar dituztela har daitezkeen neurrien ondorioak».