NAIZ

Donostiako Udalak jubilatuen elkarteak itxiko ditu koronabirusagatik

Ostegun honetatik aitzinera Donostiako Udalak bere titulartasuneko erretiratuen etxeak itxiko dituela jakinarazi du, koronabirusaren aurreko prebentzio neurri gisa. Hestia baztertutako pertsonentzako eguneko zentroari ere eraginen dio erabaki honek.

Laginak lortzeko makina. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Laginak lortzeko makina. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak udal-titulartasuneko erretiratuen etxe guztiak itxiko ditu ostegunetik aurrera, koronabirusa dela-eta.

Bere webgunean jakinarazi duenez, Covid-19 delakoaren aurka abian jarri behar diren jarduerak indartzea da neurri honen helburua, gaur egungo informazio eta egoera epidemiologikoan oinarrituta, Udaleko Osasun Publikoko sailak emandako gomendioak jarraituz. «Zuhurtziaz» hartutako erabakia izan dela azaldu dute.

Hedapena murrizteko xedearekin

Neurri honekin, Udalaren erretiratuen etxeetako erabiltzaileen artean birus hedapena murriztu nahi dute, infekzioa, batez ere, arnas tanten bidez eta pertsonarengandik pertsonarenganako kontaktu zuzenaren bidez transmititzen dela kontuan hartuta, eta zentro horietan egiten diren jarduera gehienek pertsonak espazio txiki batean elkartzea dakartela kontuan hartuta.

Udaleko iturriek agertu dutenez, aipatutako egoitza horiek berriz ere irekitzeko arriskua ebaluatu beharko da berriz, etorkizuneko egoera epidemiologikoetan oinarrituta eta osasun publikoaren arloko adituen gomendioen arabera.

Neurri honek hiriko erretiratuen etxeei ere eragiten die, baita gizartetik baztertutako pertsonentzako eguneko zentroari ere (Hestia izenekoa).