Koronabirusaren krisiari aurre egiteko LAB sindikatuak prebentzio neurriak bete daitezela eskatu du gaur goizean prentsaurrekoan, eta langileen osasuna babesteko aldarria egin du. Gainera, sindikatuko ordezkariek orain arte hartutako neurriren bat kritikatu dute, hala nola «zaintzaren gaiari konponbide egokirik ez ematea» edo «sektore publikoa oro har eta zehazki osasun sistema publikoa ahuldu egitea». LABen arabera, «koronabirusaren krisiak sistemaren hutsuneak agerian utzi ditu».
Jarduera ekonomikoari dagokionez, Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak adierazi du ezinezkoa dela zenbait lan telelanaren bidez egitea, kasurako supermerkatuetako langileak edo muntaketa-kateetakoak. Etxean geratzeko gomendiori buruz, Arroyok uste du kontradizio bat dela eskubide hori ez bermatzea «ehunka langile elkartzen diren lanetan».
Arroyok eskatu du funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak bertan behera uztea, langileen arteko kutsadura saihesteko. Horrek ere baimenduko lieke guraso direnei haurrak zaintzea Euskal Herriko eskola guztiak itxi ondoren.
Hartu behar diren neurriak
Neurrien arloan, Xabier Ugarte LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduradunak bi esparru bereizi ditu: prebentzioa eta enpleguaren bermea. Prebentzioari dagokionez, Ugartek nabarmendu du lan-zentroetan ez direla beharrezko segurtasun-neurriak hartzen ari eta, beraz, «langileen osasuna ez dela bermatzen ari momentu honetan». Horregatik guztiagatik, Osalani eta Nafarroako Lan Institutuari enpresen jarraipena egiteko eskatu die, betetze hori ziurtatzeko, eta «irizpide sanitarioei jarraitzeko, ez irizpide ekonomikoei».
Enpleguari buruz, Ugartek esan du «ez dela ERErik egiteko momenturik, eta kalerapenik ezin direla egon». Expediente de Regulación Temporal de Empleo (ERTE) prozedurari dagokienez, LABek eskatu du Gizarte Segurantzak berma dezala soldataren %100 baja kasuan, eta ERTEren bidez kaleratutako langileen langabezia ez kontsumitzeko, «eskolako jantokietako kideen kasuan bezala».
LABek, gainerako sindikatuek bezala, jarduerak bertan behera utziko dituela iragarri du, hala nola Hego Euskal Herrian programatuta dauden hauteskunde sindikalak. Halere, Arroyok azpimarratu du «sindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa» dela.