naiz

Neurri «urgente eta agresiboak» eskatu dizkie Sortuk gobernuei: «Lehentasuna, osasuna eta bizitza»

Sortuk dei egiten die nafar eta EAEko gobernuei «gehiago berandutu gabe» koronabirusa geratzeko beharrezko neurri guztiak hartzera. «Gizartea urruntzeko, isolatzeko eta zigilatzeko neurriak behar dira» eta bere militantzia eta indarra instituzioen esku jarri ditu zaintza lanetarako.

Arkaitz Rodriguez, gaur egoitzan egin duen agerraldian.
Arkaitz Rodriguez, gaur egoitzan egin duen agerraldian.

Sortuko idazkari nagusi den Arkaitz Rodriguezek agerraldia egin du gaur, koronabirusak sortutako krisiaren harira. Ezker abertzaleko alderdiak «osasun publikoaren sarea indartzea, sare pribatua botere publikoen esku jartzea, zaintza lanetarako ordaindutako baimenak ematea edo enpresa handien ekarpen eta proiektu handien ondasunekin funts bat sortzea» proposatu du.

Zuzenean EAE eta Nafarroako gobernuei zuzendu zaie Rodriguez eta, «gehiago berandutu gabe», krisia eteko neurriak hartzea eskatu die. «Neurriak ezin dira tantaka hartu. Urgenteak eta agresiboak izan behar dira neurriak. Orain arte egindakoaren eraginkortasuna mugatua da», kritikatu du. Horren ordez, «gizartea urruntzeko, isolatzeko eta zigilatzeko neurriak» behar direla iritzio dio Sortuk. «Berandutu gabe», insistitu du. «Berandutzeak hamarnaka mila gaixotu eta ehunka hildako ekar ditzake». 

Rodriguezen hitzetan, osasun krisia «ez da isolatutako zerbait, kapitalismoaren ondorio da». Eta emerjentzia klimatikoa, migratzaileak, prekarizazioa, eskuin muturraren igoera edo, Zaldibarko zabortegiaren kasuarekin lotu ditu. «Enegarren krisia da, esku gutxiren eskuetan gero eta botere gehiago jartzearen ondorio».

Zentzu horretan «brujabetza falta eta eredu sozial eta ekonomikoaren gabeziak» lehen lerroan jarri ditu. Lehendakariak hauteskundeak atzeratzeko gaitasunik ote duen ere ez jakitea hor kokatu du sortuko idazkari nagusiak. «Holako krisi bati aurre egiteko gaitasunik ez dugu». Eta krisi honek azaleratzen duena nabarmendu du. «Zaintzak emakumeen lanak dira. Pribatizazioa, osasun eskubideen gainetik dago. Indibidualismoa, kohesio sozialaren kontra doa».

Eta lehentasuna «osasunak eta bizitzak» dutela berretsi du, «ez hauteskundeek eta ez ekonomiak». «Hobe hauteskunde horiek atzeratzea ehunka lagun kutsatzea baino. Hobe da mugikortasuna mugatzea, osasun zerbitzuak kolapsatzea baino. Galera ekonomikoa hobe, zein bizi eta zein ez erabaki behar izatea baino».

Guzti hau kudeatzeko mahai orokor baten beharra nabarmendu du, Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herrian, beharrezko neurri guztiak hartzeko. «Koronabirusak ez du inposatutako mugarik ezagutzen».

Azkenik, erakunde hauen esku jarri ditu Sortuk bere indarrak. Jarduera politikoa behin-behinean eten egin dute, liberatuak etxetik arituko dira lanean, egoitza guztiak itxita egonen dira eta bere militantzia eta indarra instituzioei eskaini diete zaintza lanetarako.