Koronabirusaren krisiak sortutako egoeraren aurrean herritarren arteko zaintza bultzatzeko sareak sortzen ari dira hainbat tokitan. Besteak beste, Gasteizen, Azpeitin, Durangon, Zumaia, Lemoan, Orion, Berritxun, Andoainen, Zornotzan eta Donostian ari dira halako baliabideak martxan jartzen. Helburu nagusia adineko pertsonen zaintza bermatzea eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzea da.
Hala, Gasteizen adibidez herritar talde batek Batera zaintza sarea sortu du. «Egoera honek, zaintza behar bereziak eragin ditu, zerbitzu publikoek kudeatuko ez dituztenak. Eskolara joan ezinik arreta behar duten haurrak daude, osasun egoera zahurgarriagatik erosketak egiteara ere atera ezin direnak edo bakarrik eta inolako laguntza gabe gelditu dira pertsona nagusi asko», gogorarazi dute ohar baten bidez.
Egoera honen aurrean, haien burua eskaini dute herritar hauek.«Ez daukagu jakintza teknikorik, egoeraren larritasunari modu kolektiboean erantzun nahi diogun gasteitarrak gara». Argi dute hau dela egoera honi buelta emateko bidea «Komunitatearen elkarlanak eta gure arteko zaintzak bakarrik eman diezaioke aterabidea egoera honi».
Instituzioek zabaldu dituzten aholkuak jarraitzeko konpromisoa hartu dute. «Bai arreta jasoko dugunak, eta bai zaintza lana egingo dugunak, segurtasun eta prebentzio neurriak hartzera konprometitzen gara. Gure esku dagoen guztia egingo dugu koronabirusaren kutsatzea ekiditeko».
Honela, beharren bat izatekotan edo zaintza lanak eskaintzen lagundu nahi duen orori, haiekin baterazaindu@gmail.com helbidearen bidez harremanetan jartzeko deia egin dute.
Beste herri batzuetan ere bide berean lanean ari dira, EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi duenez. Azpeiti, Zumaia, Lemoa, Asparrena, Berritxu, Otxandio Orio eta Ordiziko kasuak dira hauek. Guztietan behar dutenei elikagaiak eta botikak helarazteko zerbitzua jarri du martxan udalak. Telefono bidez, eskaerak zentralizatzen ditu udalak eta produktuak helarazteko bide ezberdinak erabiliko dira: boluntario taldeak, gaztetxeetako gazteak edota udaltzainak.
Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek ere antolatzea erabaki dute. Janaria eta sendagaiak erosteko aukera eskainiko dute, baita haurrak zaintzeko ere. Laguntza behar duenak Laguntza behar duenak 617754839 telefonora deitu dezake.
Andoainen ere haurrrentzako eta adinekoentzako laguntza eskainiko du boluntario talde batek. Haurren zaintzan laguntza behar duenak 688624099 telefonora dei dezake eta erosketak egiteko laguntza behar duenak 634485689 zenbakira. «Une honetan zuen laguntza behar dugu, herritarrona. Arriskuan dauden pertsonen zein bolondreson higienea eta osasuna babesteko maskarilak eta esku desinfektatzaileen gela behar ditugu», adierazi dute ohar baten bidez. Hala, inork inguruan erizain, mediku edota farmazilaririk badu, laguntza eskatzeko deia egin dute.
Zornotzan Ernaik jakinarazi duenez baliabideak eskainiko dituzte herriko taldeek. Behar duenak elkartasuna.zornotza@gmail.com helbidera idazteko eskatzen dute.