NAIZ

Trumpek estatubatuar guztientzat dohako koronabirus frogak iragarri ditu

AEBetako presidenteak hitzeman du estatubatuar guztiek koronabirusaren dohako frogak egingo dituztela, «dolar bat ordaintzeke». Era berean «jendea ez larritzera» deitu du, denei laguntza iritsiko zaiela eta larrialdiaren ondoren burtsek «igoera historiko» bat izango dutela aurreratuz.

Donald Trump koronabirusaren larrialdiaren inguruan eman duen prentsaurrekoan. (Jim Watson / AFP)
Donald Trump koronabirusaren larrialdiaren inguruan eman duen prentsaurrekoan. (Jim Watson / AFP)

Asteetan pandemiaren larritasuna eta existentzia bera ukatu ondoren, azkenean ebidentziaren aurrean makurtu eta larrialdi nazionala dekretatzera behartuta ikusi du bere burua Donald Trumpek. Koronabirusaren froga ez zuela egingo publikoki eta harro esan zuen, baina, azkenean, froga egin duela iragarri du eta aurreratu du bi egunetan jakingo dela emaitza. Are, estatubatuar guzti-guztiek dohako frogak egin ahalko dutela aurreratu du, baita gaixotuen laneko bajak ordainduko dituztela ere.

Kezka handia zegoen 73 urteko presidentea Floridako Mar-a-Lago bere etxean positibo eman zuten pertsonekin bildu ondoren, eta ostiralean bertan hainbat pertsonen eskuak estutzen telebistan atera ondoren, ea uko horri eutsiko zion ala ez ikusteko. Azkenean, amore eman du, eta emaitzaren zain, «tenperatura guztiz normala dut» esanez lasaitu nahi izan ditu bere herrikideak.

Bestalde, Mike Pence AEBetako presidenteordeak atzo jakinarazi zuenez, Europatik AEBetara sartzeko agindu zuen debekura Erresuma Batua eta Irlanda gehitu direla aurreratu zuen.